Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
Aurkibidea
LEHEN PARTEA
BIGARREN PARTEA
HIRUGARREN PARTEA
XII
Aljerrek hiru geltoki ditu. Bat trenena, bestea taxiena, eta azkena autobusena. Autobus geltokiak Kharuba izena du. Han erosi nuen Oranerako txartela.
Aljer-Oran, zortziehun dinar, sei ordu.
Autobusetik jaisterakoan gizon bat hurbildu zitzaidan, eta “egun on” esan baino lehen, “nahi baduzu nik lagunduko dizut Marokora”, eskaini zidan, “harako bideak ongi ezagutzen ditut”. Pasatzaile bat zen, baina ez zen arabiarra. “Je suis du Gabon”, esan zidan, “eta urteak daramatzat Aljerian”. Hasieran konfiantza egin nion, baina informazio pixka bat eman orduko ehun euro eskatu zizkidan. “Hori da nire lanaren prezioa”.
“Barkatu”, erantzun nion, “nik ez dut ezer pagatuko Marokora iritsi arte”. “Beste guztiek hala egiten dute”, haserretu zen, “zuk ere besteek bezala”. “Ez”, eutsi nion, “zu zure lanaz fidatzen bazara zuretzat berdin du diru hori hemen edo han jaso”. Eta billeteak erakutsi nizkion, ehun euro, Aljeriako dinarretan, ez nintzela tranpan ari ikus zezan. Pixka bat pentsatu, eta, “oke”, erantzun zidan, “gaur arratsaldean abiatuko gara”.
Tren bat hartu genuen, Orandik ez dakit nora, eta herri txiki batean jaitsi ginen, berrogeita lau pertsona. Denak ni bezalakoak. “Hemendik aurrera oinez segituko dugu”, esan zuen gabondarrak, eta mendi artean galdu zen gure pausoa. Orduan ulertu nuen, “ez dugu hesirik saltatuko, Aljeriatik Marokora menditik igaroko gara”.
Mohamed Salah arroila luze eta sakona da. Guk tunela esaten dugu, frantsesek le canyon deitzen dute. Bertigo handia duena ezin da hara joan, amildegi ertzetik ibili behar duzulako. Han dena da arrisku. Pertsona arrunta ez dago ohitua holako lekuetan ibiltzen. Polizia ere ez.
Bi gau oso igaro genituen pasatzailearen orpoari segika. Egunez, basoan ezkutatzen ginen, eta eguzkia desagertzean bidera ateratzen. “Marokoarrek proiektore luzeak dituzte eta mendi gainetik dena kontrolatzen dute”, abisatu zigun gabondarrak, “kontuz ibili behar da”.
Noizbait, mendiak zabaltzen hasi ziren, eta arroilaren ertzean zerbait agertu zen, argi mehar bat. Haren seinaleari segituz gudroizko bidexka batera iritsi ginen. Han minibus zahar bat zegoen gure zain, Ujdaraino eraman behar gintuen.
Minibusera igotzean esku batek geldiarazi ninduen. “Eta nire sosa?” galdetu zidan.