Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XIII

 

 

Ujdatik Tangerrera bide luzea da, oinez egiteko gehiegi. Nire oinak, orain, ez dira hainbeste ibiltzeko gauza. Abiatzen badira, basamortuaz oroituko dira, eta berriz handituko zaizkit. Batez ere eskuineko oina. Orduan, gelditu egin beharko dut.

      “Autobus geltokia plaza horren atzean dago”, esan zidan zahar batek. “Oke”, erantzun nion, eta Tangerrerako autobusa hartu nuen. Prezioaz ez naiz oroitzen baina denboraz bai. Bederatziak eta berrogei minututan abiatu ginen Ujdatik eta hemeretziak zero zerotan Tangerren geunden.

      Lehen gaua geltokian pasatu nuen, banku batean etzanda. Biharamun goizean, afrikar batek esplikatu zidan, “hemen, zu eta ni bezalakoak basoan bizi dira”. “Ah bon?”. “Bai”. Eta basora igo nintzen.

      Ramadan garaia zen.

 

 

Tangerreko basoan komunitate bakoitzak bere espazioa du. Hor Boli Kosta, hor Nigeria, hor Kamerun, eta hemen gu. Han gehienak musulmanak ginen baina inork ez zuen baraua errespetatzen, ezinezkoa zen. Basoan ahal denean jaten da, gauez edo egunez.

      Ginearron txokoan bakoitzak bost dirham kotizatzen genuen, eta iluntzean, norbait hirira jaisten zen jateko bila. Hara jaistea arriskutsua zen, Polizia zain egoten zelako. Baina goseak ez du ikararik, gose zarenean edozer egingo duzu. Jatekoa ekartzerako sua prest egoten zen, eta emakumeek kozinatzen zuten.