Aurkibidea
[gauean beltzarana duzu gorputza]
[burdinazko oinetakoen karraska]
[zurzuri, zure hostoek begirada zuriz]
Arratsa zirku eta gotorlekuarekin
[hondarrezko arte gehiagorik ez]
[zuritasunak eraso egin zigunean]
[nire eskuetako azalaren azpian josia]
[idatzi izan zena gero eta hutsalago]
[kezko, hitzezko xingolen harrotzea]
[orain, belaunaulkiak erretzen]
[mundu honen irakurtezintasuna]
[aizkora loratu dela entzun dut]
Aurkibidea
[gauean beltzarana duzu gorputza]
[burdinazko oinetakoen karraska]
[zurzuri, zure hostoek begirada zuriz]
Arratsa zirku eta gotorlekuarekin
[hondarrezko arte gehiagorik ez]
[zuritasunak eraso egin zigunean]
[nire eskuetako azalaren azpian josia]
[idatzi izan zena gero eta hutsalago]
[kezko, hitzezko xingolen harrotzea]
[orain, belaunaulkiak erretzen]
[mundu honen irakurtezintasuna]
[aizkora loratu dela entzun dut]
XX. mendeko bigarren erdiko poeta europar garrantzitsuena da Paul Celan zenbait kritikariren ustez. Ez da nolanahiko ospea, baina nahiko onartua da, adibidez Holokaustoaren poeta ezagunena dugula. Primo Levi edo Imre Kertesz narratiban bezala, Celan poesian izan da horrorearen idazle.
Errumaniako Erreinuko Txernovtsy hirian —egun Ukraina— jaio zen 1920. urtean. Familia judu batean sortua, amak batez ere kultura germaniarrera bultzatu zuen eta goi-alemana irakatsi zion txikitatik. Aitak, berriz, tradizio judutarrean hezi nahi izan zuen gehiago, eta halaxe ikasi zuen baita hebreeraz ere, eskola judu batean. Heziketa horren arrastoa nabari zaio poemetan, han-hemen erabili zituen hebreerazko hitzetan esate batera. Kaletarragoak ziren yiddisha, errumaniera eta ukrainera ere gaztetan ikasi zituen, eta beste zenbait hizkuntza (ingelesa, frantsesa) geroago. Erdialdeko Europako muga lausoetako biztanle poliglota horietako bat izan genuen Celan, eta poesiaren itzulpenean ere erruz eta taxuz aritu zen ez alferrik: Emily Dickinson, Guillaume Apollinaire, Paul Valery, Stephane Mallarme, William Shakespeare... Bere sortze hizkuntza, ordea, bakarra izan zen beti, alemana, amak hizkuntza kultu behinentzat eman ziona.
Bigarren Mundu Gerra piztu eta 1941ean naziak Errumanian sartzearekin, lehenengo ghetto batean atxiki zuten, eta geroago kontzentrazio esparru batera eraman. Urtebete eta zenbait hilabete han igaro ostean, Armada Gorriak esparrua liberatu zuen 1944ko hastapenetan eta Celan libre geratu zen. Luze gabe Vienara joan zen bizitzera eta han ezagutu zuen beste poeta handi bat, Ingeborg Bachmann, bilduma honetan ere kide duena. Haren bidez eta Group 47 taldeari esker bere lana aitortza jasotzen hasi zen, bereziki Todesfuge (Heriofuga) poemak. Europako garaiko poema ezagunenetakoa bilakatu da denborarekin, eta euskarara Koldo Izagirrek itzuli zuen estreinakoz 2000. urtean. Bilduma honetakoa, beraz, bigarren bertsioa duzu. Kontzentrazio esparruetako horrorea islatu zuen poeman, zenbait irudi errepikatu (esne beltza, sugeak) erabiliz eta fuga bat imitatzen duen erritmo poetiko bereziarekin. Bere poema ezagunena izanagatik, ez da ziur aski bere ekoizpeneko poema tipikoena. Celanek idatzitako poema gehienen aldean luzeagoa da, eta erritmo aldetik jarraituagoa.
Celanen poesia iluntzat jo izan da maiz, bi zentzutan jo ere: alde batetik, ez da berehalakoan ulertzen den horietakoa, aski hermetiko eta zurruna baizik; bestetik, idazkion hondoan dagoen mundu eta hausnarketak hitsak dira. Egiatan, bi alderdiak elkarloturik ulertu behar dira. Munduaren makurrak egiten du berau adierazteko forma ezin izatea agerikoa: “Mundu honen/irakurtezintasuna”. Halaxe agertzen dira etengabe bere poesian bortizkeriazko irudiak bezala esanahiaren hutsaltasunari eta ezerezari buruzko aipamenak. Aipamen horietako batzuk, haatik, ez dira beti lauso eta hermetikoak. Egin kontu, esaterako, 36ko gerrari buruzkoak (No pasarán) —zeinetan Celan Errepublikaren alde lerratu zen irmoki—, edo Vietnamgo gerrari buruzkoak (Asian dagoen anaia batentzat).
Celanen poesia sakonki aztertua da, eta irakurtzen da gaur egunean oraindik, eta hark izandako eragina beste idazle edo sortzaile batzuengan ere ez da makala: Edgard Jene-rekin elkarlan estua eduki zuen, Anselm Kiefer margolariak Celanen obran oinarriturik sortu ditu hainbat pieza, Hans-Jorg Gadamerrek haren poesia aztertu zuen...
Celanen idazkien sakonean dagoen atsekabea are ageriagoa izan zen berrogeita bederatzi urte zituela suizidatu zenean, bere burua Senara botaz. Askorentzat horixe izan zen Celanen azkeneko ekintza poetiko tragikoa.