Glosarioa
Lehen begi-kolpetik nabaria da nolako garrantzia duen kultura klasikoak, batez ere grekoak, Sophia de Melloren lanean. Gaztetatik landu eta barneratu zuen Antzinateko mundu hori, eta bere poesiara ekarri, baina ez bere horretan huts-hutsik, Helena Malheirok dioenez:
Ez dugu aurkitzen, halere, mitoen azalpen edo eszenaratze fidel eta egiazko bat, baizik eta mitologia oso pertsonal bat, non Sophiak bere gisara birsortzen baititu mitoak, haiek beretuz eta mundua ikusteko eta poesia idazteko zeukan molde berezi horrekin nahasiz. (O Enigma de Sophia, 151)
Grezia, bada, ideial bat da, eta, poetari kasu egitera, harengana bildu behar genuke berriro. Honela adierazi zion Jorge de Sena poetari gutun batean: “Mende asko dira okerreko bidea hartu genuela, eta ez dut uste oker horretan irautea aurrerabidea denik”.
Esan beharrik ez dago zerrenda xume honen osagai asko ezagun izango zaizkiola irakurleari. Hainbat hobe. Haatik, baten bati Sophia de Melloren poesia hobeto ulertzeko lagungarri gertatuko balitzaizkio gure glosa xumeok, erabat beteko zuten beren helburua.
♦ ♦ ♦
Antinoo. Hadriano enperadorearen hurbilekoa izan zen, eta seguruena baita maitalea ere. Mutil gazte eder-ederra omen zen, eta halaxe agertu du arteak haren irudi misteriotsua. Gazterik hil zen Nilo ibaian itota Hadrianoren begien aurrean, eta berehala jainkoen maila eman zioten. Fernando Pessoak ingelesezko poema ezagun batean, “Antinous”, Hadrianoren samina eta Antinooren gorpuaren edertasuna aletu zituen, amodio homoerotikoaren eredu gisa: Our love shall speak its joy and woe, death-blent,/ Over infinities and eternities.
Apolo. Apolo mitologia greziarreko jainko nagusietako bat da, eta batez ere argiari eta egunari loturik ageri da. Hainbat epiteto erantsi izan zaizkio haren izenari; besteak beste, musageta, musen nagusia eta haien koruaren zuzendaria baitzen, eta musikaren eta poesiaren jainkoa (harpa bat eramaten zuen beti aldean).
Auriga. Delphosen aurkitutako orgazain baten brontzezko estatua. Irudiak neurri errealak ditu, eta Pitiar Jokoetan orgazain talde batek loturiko garaipena gogoratzeko ondu zen, K.a. V. mendean. Garai klasiko goiztiarrari dagokio, eta kuros arkaikoek baino bizitasun handiagoa ageri du, zurruntasuna erabat galdu gabe.
Delphos. Zeus jainkoak, Lurraren erdigunea bilatu nahian, arrano bana bidali zuen sortaldetik eta sartaldetik, eta haien hegaldiak Delphos gainean gurutzatu ziren. Antzinako Greziako lekurik sakratuenetako bat egon zen han: Apoloren santutegia. Santutegian, orakulu ospetsu bat egon zen, non jainkoa pitiaren (edo pitonisaren) ahotik mintzatzen baitzen, hango iturriko lurrunaren eraginpean. Sibila izan zen orakuluko lehen iragarlea, eta ordutik aurrera izen hori eman zitzaien pitia guztiei.
Dioniso. Uztaren eta ardoaren greziar jainkoa. Sophia de Melloren poesian kaosaren sinbolo da, Apolok zabalduriko ordenaren eta harmoniaren ifrentzua.
Epidauro. Eginako Golkoan zegoen polis xumea. Antzinatean, hango orakuluak entzute handia izan zuen. Gaur egun, antzokiaren hondarrak ikustekoak dira oraindik ere.
Euridize eta Orpheo. Mitologia grekoan, Euridize ninfetako bat zen, Apoloren alaba, eta Orpheo musikari, poeta eta profeta ezagun bat. Ezkondu, eta zoriontsu bizi izan omen ziren, harik eta sugegorri batek Euridizeri kosk eginda hura hil zen arte. Orduan, Orpheo, ezin kontsolaturik, kantuan hasi zen, halako moldez non jainko-jainkosa guztiak, bihozberaturik, inguratu baitzitzaizkion Euridizeren bila Hadesera joateko baimena emanez. Baldintza bakarra jarri zioten, halere: emaztearen aurretik ibil zedila atzera begiratu gabe, handik irten arte. Atzera begiratu zuen, ordea, Euridizek Hadesko atea zeharkatu aurretik, eta emakumea berriro aienatu zen.
Furiak. Mitologia erromatarrean, hiru jainko mendekatzaileen izena (Grezian, eriniak). Gaizki eginak zigortzen zituzten. Kaosa zabaltzen omen zuten.
Hekate. Greziar mitologiako jainkosa honek hiru buru zeuzkan (hortik Hekate hirukuna), eta bidegurutzeetan paratu ohi ziren haren estatuak. Etxea eta familia babesten omen zituen, eta Ilargiari eta magiari loturik ere agertu ohi zen.
Juliano (331?-363). Erromatar enperadore horri apostata epitetoa eransten diote historialari kristauek, kristautasunaz arnegaturik helenismo neoplatonikoa besarkatu zuelako. Delphosko orakuluari kontsulta egin zion azken enperadorea izan zen.
Knossos. Minostar zibilizazioaren hiriburua, Kretan. Mitologiaren arabera, Minos erregeak han zuen jauregia, eta Dedalori agindu zion labirinto bat eraikitzeko Minotauroa, beraren emaztearen semea, han atxikitzeko.
Kore. Emakume gazte baten estatua arkaikoa. Irudiak harriz edo marmolez eginak ziren, eta emakumea zutik ageri zuten.
Kuros. Gizonezko gazte baten estatua arkaikoa, koreen eite berekoa.
Medea. Klokidako Eetes erregearen alaba zen. Jason Klokidara heldu zenean, hango tronuaz jabetu nahian, Medea harekin maitemindu zen eta urrezko ardi-larrua eskuratzen lagundu zion, belar magiko batzuk emanez. Ovidioren Metamorfosian, hasieran Medea buru egiten saiatu zen maitemin hari (Medea, alferrik ari zara borrokan), baina, azkenean, amore eman behar izan zuen, eta horrenbestez bere aberria saldu. Sophia de Melloren “Medea” poeman, Ovidioren Metamorfosiko “Medea eta Eson” izeneko atala berritzen da. Pasarte horretan, Ovidiok kontatzen du nola bihurtu zion gaztetasuna Jasonen aita Esoni, hari sama eginik eta edabe bat emanik.
Minotauro. Zezen-burua eta giza gorputza zituen izaki mitologikoa. Knossosko labirintoan gatibu bizi izan zen, eta, azkenean, Teseo heroiak, Atenasko estreinako erregeak, hil zuen, Minos erregearen alaba Ariadnek, berarekin maitemindurik, labirintora sartzen eta handik irteten lagundu ondoren.
Phebo. Apolori erantsitako beste epiteto bat. Santutegietan, ereinotza eskaintzen zitzaion, gaizki eginak garbitzeko, eta ereinotza erabiltzen zen, orobat, Delphosen jainkoaren omenez antolaturiko Pitiar Jokoetan irabazleak koroatzeko.
Sunion. Atikako lurmuturra, Grezian. Gaur egun, Poseidon jainkoari eskainitako antzinako tenplu baten zutabeek diraute zutik itsas hegian, eta ikuskizun bikaina da handik begiestea nola sartzen den Eguzkia Egeo itsasoan.
Thassos. Egeo itsasoko uhartea, Traziako kostaldetik hurbil. Uharte horretako hiriburua. Badirudi Odisean Ulises sorgindu zuten sirenak Thassosen bizi zirela. Beste aditu batzuen iritzian, Iliadako zikoneen lurraldea izan zen, Troiako gerra amaiturik Ulisesek arpilatu zuena.