Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Kanpokoak eta barrukoak:
azken gutunen berri
Edurne Sanchez
Fresnesko egonaldian bizi izandako batzuk kontatuz idatzi dit Edurne Sanchezek:
«Gaurkoa bezalako eguraldi beroak, itogarriak izaten ziren Fresnesen. Behin baino gehiagotan gosaldu nuen oinak urez betetako baldean sartuta. Oin bat sartzen nuen aurrena, gero bestea... Eguzkiak bete-betean jotzen zuen barrotedun leihoan baina debekatuta zegoen han errezel modura toaila edo antzeko zapirik ezartzea. Zigor kartzela zen Fresnes.
«Ni Osnytik eraman ninduten hara, 1997ko martxoan... Fresnesera iritsitakoan iruditzen zitzaizun irentsi egingo zintuztela hormatzar haiek. Oso espetxe zaharra da. Alemanen aurkako erresistentzia garaian hara eramaten zituzten heriotza zigorrera kondenatuko batzuk, exekutatu aurretik.
«Fresnesen gizonentzako dibisio bakoitzak bere zuzendaria du, beste zuzendari bat dago emakumeen espetxean, eta hauen gainetik zuzendari nagusia. Arauak zuzendari bakoitzak bereak ezartzen zituen zegokion sailean, horrela, gerta zitekeen lehen dibisioan onartutako zerbait emakumeen aldean zorrozki debekatuta egotea.
«Fresnes-emakumeak espetxeko zuzendaria bereziki zorrotza zen segurtasun araudia ezartzen, eta horretara makurrarazten zintuzten. Iritsi bezain bizkor, zuzendariaren bulegora eraman ninduten, eskuak eta zangoak lotuta. Artean epaitu gabe nengoen, baina ETAko presoa nintzela eta segurtasun erregimen berezia ezarriko zitzaidala esan zidan. Bigarren solairuko 142. ziegan sartu ninduten, segurtasuneko begirale baten parean. Dena zegoen debekatuta, irakurtzeko liburu bat patiora ateratzea, edo orri bat, gozoki bat, ur botila bat...
«Patiora, abokatuarengana, ikustaldietara edo noranahira irten aurretik biluztu egiten zintuzten ezer ez zeneramala ikusteko. Funtzionario bat edo biren aurrean biluztu behar zenuen, soinean zeneraman guztia banaka-banaka kenduz. Erantzi ahala funtzionarioari eman eta hark dena miatzen zuen, joskura, azpildurak... Guztiz biluzik zeundenean oinazpiak erakutsi behar zenizkion, ahoa ireki, mihia goratu, ilajea astindu burua makurtuz, makurtu eta eztul egin... tanpaxa atera edo konpresa jaso. Duingabea zen, umiliagarria; Fresnes zen.
«Goizean ordubete eta arratsaldean beste ordubetez ateratzen ginen patiora, eta biluztearen errituala. Liburutegira joatean gauza bera; bisitarako berdin... Egun bakarrean zortzi aldiz biluztuta nago... Zortzigarrenean uko egin nion eta zigor ziegara eraman ninduten, ihesa prestatzearren euren esanetan.
«Indarrez eraman ninduten, hiru gizonezko eta bost emakumeren artean, eta zuzendaria bera ere han zen. Lurrera bota ninduten, atera ziren gizonezkoak, eta bost emakumeen artean biluztu ninduten. Horrelaxe utzi ninduten zigor ziegako lurrean, biluzik. Hogeita lau orduz egon nintzen konpresa batekin. Ordu erdiren baten buruan praka-sare batzuk, braga bat, abarketak eta kamiseta bat eman zizkidaten. Horixe zen zigor ziegan baimentzen zuten guztia.
«Hormaren gainean zulo bat zegoen, barroteekin eta metalezko telaz itxia. Handik sartzen omen zen airea. Komun bat lurrean eta horman iturri bat; lurrari itsatsitako zementuko aulkia eta mahaia; hormari itsatsiko zementuzko petril modu bat ohetzat. Koltxoia gauean ematen zizuten.
«Han egin nuen nire bigarren gose greba, eta, klaustrofobia dudanez, ez dakit zenbat aldiz galdu nuen konortea. Behin baino gehiagotan lurrean erorita esnatu nintzen, eta beste zenbaitetan funtzionarioren baten oinek esnatu ninduten. Sendagileak bisita egin zidan behin eta nik han ez nuela egon behar esan zuen, baina zuzendariak nahi zuena egiten zuen han.
«Krikrik, Cristinek, 28 urte zituen eta drogak edukitzeagatik zegoen Fresnesen. Lau urteko kondena zeukan, eta erdia betea zuen. Urte gutxiko haur bat zeukan. Bere mutil-laguna ere preso zegoen Fresnesen.
«Nirekin sarritan hitz egin ohi zuen patioan; bere bizitzako pasarteak kontatzen zizkidan, irteten zuenerako ametsak eta proiektuak... Uztailaren 14an atera nintzen zigor ziegatik eta gogoratzen dut uztail horretan ezkondu zela bera, Fresnesen bertan. Emozioz eta gogotsu zegoen bere laguna berriro ikusteko...
«Abuztuan izaten da nire urtebetetzea eta opariren bat egin nahi zidan nola edo hala. Gona bat egin zidan jostun ikastaroan, kotoizkoa eta granate kolorekoa zela esan zidan. Eskutitzentzat seilua beste preso bati ematea ere debekatuta zegoen Fresnesen, beraz argi zegoen ezin izango zidala gonarik eman.
«Hala eta guztiz, bi gona bata bestearen gainean jantzita jaitsi zen patiora egun hartan, eta jantzien artean postal bat zeraman, pastelez margotua eta zenbait preso sozialek sinatua: «Zure askatasun ametsak egun batez egia bihurtzea opa dizugu», zioen postalak.
«Ikusi egin zuten zelata lekutik, deitu eta puskatu egin zioten postala, nirekin hitz egiten jarraitzen bazuen epaileari parte eman beharko ziotela esanez, eta hark ikusiko zuela lau urteko kondena nahikoa ote zen. Nirekin hitz egiten jarraitzen bazuen zigor ziegara joango zela zuzenean, eta bizitza latzagoa egingo ziotela.
«Nirekin ez hitz egiteko eskatu nion, beregain mendekurik har ez zezaten. Neska hauskorra zen, animo aldetik biguna eta depresiotik hurbil ibiltzen zena. Elkarrekin hitz egiten jarraitu genuen, baina zaindariak ez ohartzeko ahaleginak eginez. Hurrengo egunean zigor ziegara eraman zituzten bai bera eta bai ziegan berarekin zegoena, ziegako leihotik gizonezkoekin hitz egiteaz salatuta.
«Bezpera iluntzean bere burua zauritu zuen besoetan ebakiak eginez, baina eraman egin zuten, indarrez, egoera txarrean egon arren. Gau horretako garrasiak izan ziren beregandik entzun nuen azkena. Goizean hilik aurkitu omen zuten ziegan, izararekin bere burua urkatuta. Krikiren gorpua zaku beltz handi batean atera zuten Fresnestik, bere espirituak han ibili behar du oraindik, hormatzar haien aurka jaikiz.
«Bat-bateko omenaldi xume bat egin genion patioan handik bi egunera. Preso guztiak elkartu ziren, ingelesez, frantsesez, arabieraz, gazteleraz eta euskaraz abestuz. Nirekin batera zegoen euskal presoa zigor ziegara eraman zuten, kartzela barruan desordena sortzeagatik... Hirugarren gose greba egin nuen hura itzuli zen arte.
«Fresnesko hormatzarrek isilpeko asko gordetzen dute, oinaze eta tristezia asko».
Izaskun Beloki
«Carabanchelgo kartzelan hasi zen kalbarioa» kontatzen digu Izaskun Beloki Kortajarenak. «Nola aldatu diren garaiak! Han ikusten ziren babarrun eltzekadak... Janaria barra-barra. Gogoratzen dut zelako arkume menestra pasa genion Gabonetan!
«Giroa ere oso ezberdina zen. Sakabanaketa baino lehen, Gestoretako autobusak senidez beterik joaten ziren. Bakoitzak bere drama soinean, baina umorea ez zen falta. Ni nahiko triste eta urduri, beti negarrez ateratzen nintzen. Behin pentsatu nuen: zergatik negar egin? Aitzakia ederra hango funtzionarioek barre egiteko! Lortu nuen buelta ematea.
«Alcala Meco, bigarren kartzela. Hemen ezagutu genituen bisabisak. Gogoan daukat lehenengoa. Nire koinata ezin zen joan, bigarren alaba jaio berria zuelako, eta hiru urteko iloba eta biok joan ginen. Ze bidaia egin zuen mutikoak! Autobusean gauez, argi izpi bat sartzen zen bakoitzean bote bat ematen zuen haurrak, begiak ireki eta Polizia, Polizia esaten zuen. Nola adierazi, nola ahaztarazi, inpotenzia izugarria! Ez dut gogoratzen gero aitarekin nola egon zen... Suposatzen dut hobe dela ahaztea, denon tristura pasatzeko, bizi ahal izateko.
«Gogoan dut kartzela honetako beste pasadizo bat. Nortasun agiria ematera joan eta zer esango funtzionarioak eta anaia ez zegoela han. Ha salido, esan zidan; ¿a tomar café?, nire erantzuna. Beloki abizeneko beste preso bat kaleratu zen, eta gure anaia Herrerara eraman zuten. Eta ni bisitarik gabe; ez bisita eta ez kristo, egun osoan kartzelan.
«Herrerarako bidaiak oso gogorrak izaten ziren. Hainbeste kilometro bost minutuko bisita egiteko! Askotan ezta hori ere. Txapeoak, zigorrak... hobe ez gogoratzea! Ederrak ordea hara egin genituen martxak. Autobus pila, bata bestearen atzetik, Euskal Herria eta La Mancha lotuz, andaluz batek esango lukeen moduan esateko. Jende andana, batzuk euskaldunak, beste batzuk oliba kolorez edo grisez jantziak. Ederra!
«Hurrengo kartzela Darocakoa izan zen. Niretzat okerren kokatua, gertuena izan arren. Kotxez joan beharra zegoen eta nik ez daukat gida-baimenik. Beti besteen esku egotea zekarren horrek.
«Bisitengatik familian izan dugun istripu bakarra Darocarako bidaian izan da. Lagunak ez ziren larri zauritu, baina autoa erabat txikituta geratu zen. Sekulako beldurra sartzen da gorputzean. Tira, bidaia hauei ere buelta eman eta alde ona bilatuz, nahiko fruta jan dugu errepide bazterretako frutarboletatik!
«Darocan hasieran ez zegoen kontrolik kanpoan, zuzenean sartzen ginen funtzionarioenganaino. Baina egun batean trabak aurkitu genituen. Kaseta bat, eta barruan guardia zibila dokumentazioa eskatzen, nortasun agiria eman nion, eta erantzunik ez. Pazientzia! Ordu laurden bat, ordu erdia... ¿Qué pasa?, nik; Espere, berak. Hiru ordu laurden. No soy nueva en la plaza, he venido muchas veces. Eta berak, Espere. Ordubete! Momentu horretan, haserre samar, eztabaidan hasi ginen, eta esan zidan nire nortasun agiriaren zenbakia bikoiztuta zegoela, besteren batek zenbaki bera zuela, alegia. Beste txartel bat erakutsi behar izan nion azkenean eta hor bukatu zen historia.
«Alacantera bidali gintuzten dispertsioarekin. Ze urruti! Nola moldatu?! Oporrak hartu behar bisita egiteko. Ez dut oso ondo gogoratzen zer garaitan izan zen, baina bisitak banaka jarri zizkiguten. Guri astelehenetan tokatu zitzaigun; nire lantokian lan eguna zen, eta barkatzeko asmorik ez. Atera kontuak zenbat egun gastatu nituen banaka-banaka. Gero, barrukoen protestari esker, lortu zuten bisitak denek batera eta astebukaeran izatea. Hasieran mikrobus batean joaten ginen Valencia, Murcia eta Alacantera, baina garraio publikoan ibili ginen urte gehienetan. Lehengo bidaiak ez ziren oso egokiak Donostiako jendearentzat; autobusa Bilbotik ateratzen zen eta Gasteiztik igaroz jarraitzen zuen Alacantera. Eta bisitak igandean zirenean, lanera beti berandu. Azken urteetan pagotxa, Donostiatik abiatu eta Donostiara bueltatu! Trena genuen beste aukera bat; ez zen hobea, garestia, luzea eta desatsegina zelako.
«Esperientzia ederra hango solidarioak ezagutzea izan zen. Gazteak eta helduak. Bikotea egin zen haietako neska bat eta gure mutil baten artean. Solidario haietako gizonezko murtziar batek lana ere galdu egin zuen. Guardia zibilek jarraitu egiten ziotela zioen.
«Tolosarren gorpuzkinak hango lurretan azaldu zirenean ezagutu genuen beste bikote bat. Gure jendeak behin baino gehiagotan lo egin du haien etxean. Gizona, gizajoa, izugarrizko depresioak jota zegoen azken aldian; harritzekoa ere ez da halako giroan. Haiena bai meritua!
«Orokorrean, ni behintzat, oso konbentzituta nengoen bizitzan halaxe tokatutako zerbait neukala egiteko, eta zenbat eta alaiago bizi, hobe zela gure osasunarentzat. Pentsaera horrekin baliteke funtzionarioen aurpegi txarrak, gaizki emandako erantzunak eta antzeko zerak uxatzea.
«Bestalde, protesta egin behar bazen, egin egiten nuen, nahiz eta deus lortu ez. Nire asmoa beti izan da helburua bete eta bisitarako hitza eman badut, bisitara azaltzea. Gogorra iruditzen zait barruan dagoenari sortzen zaion kezka bisita ez bada iristen, istripuengatik batez ere.
«Aipagarria da senideen artean dagoen laguntasuna ere; zenbat lagun on egiten diren! Gaur egun ez dut hainbeste bidaia egiten, baina aipatu nahi nuke solidarioen lana, gau osoa gidatzen senideek bisita egin ahal izateko».