Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Marioren balada bat

 

Gaurkoa ere apenas dugun egun distiratsu horietakoa! Goizean marmar ulergaitzean jaitsi da donostiarra patiora, eta pixka bat bere barrunbeak domatu dituen arte ez dit hitzik egin. Hautsez trabatutako hauspoak egingo lituzkeen moduko purrustada eta arnasots batzuk bai, egin ditu, baina hitzik ez. Begiko minez larri samar ibiltzen da batzuetan, eta hanka ere ez dauka guztiz katoliko...

        Eskolara sartu eta orri mordoa, koadernoa, egunkari zatiak eta halakoak atera ditut mahai gainera; berak pintura potetxoak eta leihoak eta paparrerako beste itsasgarri batzuk atera ditu, margotzeko. Margotzen hasi bai, baina laster aspertu, edo ernegatu, begia daukan moduan ezin duelako ondo ikusi. Badakit bere lanari utzita niri begira dagoela, eta ezagun du laster lehertuko dela, baina ez diot jaramonik egiten.

        — Liburua edozeinek idazten du gaur egun! —bota du halako batean—; neuk ere hasi behar dut poema libururen bat edo idazten... «Txoriak kantuan ari dira eta / Patioan euria ari du / Zein polita den udaberria...».

        Astar handi hau muxar txiki bat balitz, muturrarekin ukitu eta «hau trikua da», esango luke azeriak. Hain da takarra batzuetan.

        — Musika ona ipiniz gero egundoko arrakaska izango luke.

        Umorea mikazteko hutsa behar izaten du Mariok batzuetan, baina aise itzultzen da aldarte onera; zer ari naizen galdetzen dit jakinminez.

        Badira urte batzuk, zortzi bat bai, Arrate Rodriguezek lehen eskutitza idatzita zidala. Gaztetxoa zen artean eta ikastolan zebilen. Ez dut aurrez aurre ezagutzen, egundo ez dugu elkar ikusi, baina etenik gabe idatzi dit urte hauetan; irakurtzen ari denaz edo idazten duenaz aipamenak egiten dizkit, hau edo hori galdetzen dit...

        «Gotzon Alemanen liburua irakurtzen ari naiz egun hauetan, baina ezer gutxi dakit berataz. Zuk ba al dakizu zerbait?» galdetu zidan aurreko eskutitz batean. Binakako partidan legez, lagun bati utzi diot pilota eskutitz baten errebote parean, eta aste batzuen buruan iritsi zait erantzuna.

        Gotzon Alemanek 1975ean Jaengo kartzelan eta 1976an Aranjuezkoan idatzitako poemak bidali dizkit besteak beste:

 

                Lehengo une oroigarriak burura datozkit

                herriko lagunak

                neska batentzako sentimendurik sakonenak

                ikastetxeetako

                ordu labur eta zabalak,

                sendia,

                gela hartako hoztasuna...

                dena nahastuta eta ixilik...

 

                Laster

                hemengo egoera bakan hau,

                gogo barruko bortxa zalantzatsua,

                pozaldi eta nahigabetxo guztiak,

                lana...

                hau dena

                eta espetxea bera

                beste oroitzapen bat

                izango da nire baitan.

 

                Berriro!

                Euskadiko egunerokotasunak

                inguratuko nau;

                eta orain,

                hemen,

                zulo honetatik,

                niregana datorrela sumatzen dut.

 

        Zulo ilunetako suziri izango zen urte haietan ere idaztea, poesia edo prosa egitea, eta paperetan idazten ez zutenek memorian idatziko zuten bertsoa ez bazen balada. Gaur ere horixe egiten dugu, ezinbestean.

        Ziegara joateko garaia heldu eta paperak tolesten hasi naizenean Mariok, tira bati mutur batetik eta tira besteari bestetik, poema batzuk hartu dizkit pilatik.

        — Zerbait ikasi beharko diat ba, liburua idazten hasten naizenerako!