Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

La Moralejako kafetegia

 

Irakurtzea amaitu, liburua itxi eta azaleko irudiari begira geratu naiz sentipen gozo-mikatzekin. Txakur buruaren forma osatzen dute izotz puskek. Izotz puska horietako baten baitan gizon bat kuzkurtuta, Arabako Urizaharra inguruko eltxoa anbarrean legez harrapatua. Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua liburuaren azalak erakusten duena da. Nobelako pertsonaia batzuen desolazioa, urruntasunaren desanparoa, Ozeano Antartikoko hotz hondogabeen itolarria geratu zaizkit. Ziegako leihotik eguzkia ikusten dut gainbeheran. Gorriz eta morez janzten ari dira hodeiertzeko lainoak. Eskuin aldera jarria dut arreta, ipar-ekialdera, eguzkia ezkutatu eta gauaren freskura nabarmendu den arte.

        Goizean patiora jaitsi eta joan-etorrian paseatzeari ekin diodanean, gora datorren eguzkiari so egin diot lehenengo, eta ezkerraldera hurrengo, ipar-ekialdera. Hegaztiren bati begira ote nabilen iruditu behar izan zaio Mariori.

        — Badoa ala badator?

        Sarriren nobela amaitu dudala esan diot, eta historia horretako pertsonaien urruntasunak, desanparoak, sentipen horren ukitua itsatsi didala neuri ere.

        — Pentsa zenbat eta zenbat iheslari ibiliko den munduan, auskalo non eta nola. Asteroko bisitarik gabe gainera. Ilunabarrean edo goizean, leihotik edo ataritik begiratu eta, orientazio punturen baten laguntzaz bada ere, etxea kokatzen ez badakizu, edo ezin baduzu asmatu non dagoen, koordenadak galduta egotea bezalakoa izan behar du —esan diot.

        — Koordenadak? Zer demontre esaten ari zara...

        Hilabete batzuk badaramatzagu elkarrekin, eta jakin behar nuke bere aldarteen berri. Bi-hiru kafe hartu artean Mariorekin jai dago goizetan, ez dizu kasurik egingo edozer gauza esanda ere, edo errietan hasiko zaizu huskeria batengatik.

        — Goazen kafea hartzera, ireki dute-eta.

        Ekonomatoan bi kafe hartu ondoren beste pertsona bat ematen du.

        — Zer zen lehengo kontu hori, ilunabar eta goizetako parametroen zera hori?

        Lagun izoztua-rena kontatu diot berriro: «izoztuta» geratzen den iheslariaren historia dela, eta parametroak galdu dituenaren egoeraren moduan ulertzen dudala izozte hori.

        — Izoztu direlako edo parametroak galdu dituztelako edo auskalo zein arrazoirengatik —diost Mariok— asko dira mundu zabaleko bazterretan geratu diren euskaldunak. Ez gure aldi honetan soilik, 36ko gerraren ostean eta ondorengo urteetan milakak egin zuten ihes.

        — Arrazoi politikoengatik ihesi doana itzultzeko itxaropenarekin joaten da. Denborak aurrera egin, itxaropena luzatu eta luzatu... Hainbeste luzatuz gero mehetu ere egingo da itxaropen hori. Eta urteen buruan leku haietan bertakotuko zen jende asko, itzultzeko itxaropena urrutiko utopia bihurturik.

        — Presoei ez zaigu halakorik gertatzen. Hemen ez gara bertakotzen. Luzatzearen lutzatzeaz itxaropena mehetzen denean ere, eustera behartuta gaude biziko bagara —jarraitzen dio Mariok, eta luzera gabe hasi da ekonomato aldera begira; beste kafe bana hartzera goaz.

        Udazken goizeko eguzkiak gozo egiten du paseoa. Hego haize puntu honek herrimina, etxemina sortzen dit. Bururatu zait, elurte handi samarra ere gauetik goizera urtzen duela hego haizeak, eta izotza ere urtuko lukeela.

        — Agian ez da hego haizerik izango lagunak izozten diren leku urruti haietan —esan diot Mariori. Ez dit ulertu.

        Gaiari tiraka segitu dugu: azken mendean ihesa, deportazioa eta kartzela besterik ez dugula izan euskaldunok, eta sakabanaketa.

        — Zeregin hoberik ez dugun bitartean —esan diot— ihesaldi eta deportazio, kartzelaldi eta sakabanaketa horien historia moduren bat idatzi beharko genuke.

        Historia batek beste bat dakar sarritan, listariko korapiloak legez. Bibliografia, fotokopia, aldizkari edo beste edozer gauza nondik lortu, asmoa nori aipatu, eta balizko historia hori nondik hasi edo zenbat ataletan sailkatu ote litekeen galdegin diogu elkarri.

        Patiotik ostera mahaira etorri eta eskema moduko bat egiten hasi gara: 36ko gerrako eta gerraosteko iheslari eta presoak, 1959 ingurutik 1980ra artekoak, eta 1980tik gaur artekoak; baina iheslari eta presoez gain, baita deportatuak eta kontzentrazio barrutietan egondakoak ere. Mataza dirudi honek guztiak; hari mutur bat hartu eta poliki tiraka hastea izango da mataza askatzen hasteko modua.