Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Albaterakoak
Jose Mari Mugerzak dio gatibu zeukatena kontzentrazio esparrutik osorik aterako bazen, haren aldeko bermeak iritsi behar zuela. Militar profesionalek, barrutiko nagusiek, Albaterako alkateak eta kontzejalek eta herriko apaizak osatutako tribunalari aurkezten zitzaizkion bermeak.
«Izaki arriskutsu eta krudela zen Albaterako apaiza. Torquemada handi bat. Barrutiko atera eramandako mahaian azken lekuan esertzen zen. Tribunaleko guztiek bermeari onespena eman eta azken leukuan eseritako apaizak irakurtzen zuen bermea. Xuxurla mainosoan esaten zion prisioneroari:
« Anaia... Gora Errusia!
«Apaizari itsusirik ez egitearren, presoak isilka erantzungo zion beste Gora! batekin. Bermea puskatuz asaldatzen zen orduan apaiza, guardiei deitzen zien, eta ostera barrutira sartzen zuten presoa, saihetsetan 40 makilakada emateko agindupean.
«Leloa aldatu egiten zuen beste batzuetan:
« Anaia... Gora Espainia!
«Eta oihu abertzale sendoarekin erantzungo zion eliztar gizagaixoak.
« Hori ere bai, beraz! Orduan, nolatan hengoen gorriekin?
«Eta bermea puskatzearena errepikatzen zuen.
«Rubioa esaten genion tabakoa erretzen genuen: laranja azala hari fin-finetan ebaki, latorri batean ipini eta harri gainean ihartuta. Eztularentzat oso ona zela zioten, eta arrazoi zeukaten: oso eztul ederra egiten zen. Barakaldoko lagun batek ekartzen zizkigun estrepa hostoak erretzen genituen beste batzuetan».
Barakaldarra gurditxoarekin ateratzen zen barrutitik zaborra botatzera, eta, estrepa belarrak ez ezik, soldaduek jaurtikita zaborretan aurkitzen zituen egunkari zaharrak, arropak eta janari hondakinak ere ekartzen zizkien. Zenbait emakumek emandako janari freskoa ere bai noizetik noizera.
«Behin, berriketan ari ginela, artzain zakur moduko bat sartu zen alanbresian barrura. Inguruetako masiaren batetik ihes egina izango zen. Nahastua egon behar zuen, han barruan jateko zerbait aurkituko zuen ustean. Usainka hurbildu zen gure taldera, eta berehala harrapatu, ito, narrutu eta gordinik jan genuen. Surik ez egiteko agindua oso zorrotza zen, eta zigorrak ikaragarriak. Gogoratzen dut ondoan zeuden lagun katalan batzuek mesedez eskatu zigutela guk botatako narrua eta txakurraren burua, eta eman genizkiela. Bihotzez eskertu ziguten miseria hura.
«Barrutian kanibalismo kasurik gertatu ez bazen, jateko baino argalago geundelako izan zen, baina katixima emateko bidali izan baligute, eman dezagun, misiolari holandar gizentxo bat, txerrikumearen azal guridun horietakoa, oso litekeena da bera igaro izatea gure barrura bere doktrina baino lehenago».
Halako batean bermea iritsi eta kontzentrazio eremutik atera ahal izan zen Mugerza. Trena hartu eta Alacantera, eta handik Madrilera, osaba-izeba batzuengana.
«Madrilera iritsi eta egun gutxira, nire ahulezia apur bat gaindituta, kalera irten nintzen ibilaldi bat egitera. Kafetegi bateko terrazatik hots egin zidan norbaitek. Itzuli egin nintzen. Juan Antonio Zunzunegi bilbotar idazlea zen.
« Baina, Mugerza, nondik atera zara?
« Ikusten duzu, gerratik.
« Denok atera gara gerratik, baina zure itxura, seme...
« Ba ikusten duzu...
«Abegitsu, bere ondoan esertzera gonbidatu ninduen.
« Zer hartu nahi duzu?
«Berak bermuta zeukan mahai gainean.
« Bermut bat.
« Tira, kontatu Mugerza, kontatu. Nondik atera zara?
« Sarraski zelai batetik.
«Ulertu ez balu bezala begiratu zidan. Irribarrea desagertu zitzaion aurpegitik, eta babes jarrera hartu zuen.
« Zera esan nahi al duzu...?
« Bai, Errepublikaren aldean egin dut gerra, galdu egin dut, harrapatu eta Albaterako kontzentrazio zelaian sartu ninduten. Mirariz nago hemen zurekin, bermuta hartzen.
« Tira, Mugerza, barkatuko didazu, baina presaka nabil...
«Eserlekua sutan balu bezala jaiki, hartutakoa ordaindu eta jendartean desagertuta, bakarrik utzi ninduen».
Berdina gertatu zitzaion beste lagun batzuekin ere.