Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Jokin Gorostidi

 

Itziar Aizpuruak Jokin Gorostidi gazte bat erakusten digu bere gutunean. Baina Gorostidiren soslaia osatzeko bada kontu jakingarri gehiago haren hitz errenkaden artean.

        «Martutenetik Burgosera eraman zuten Jokin. Zigor ziegetan ezarri zituzten politikoak, sozialengandik aparte, baina eguna patioan edo jangelan eman behar izaten zuten. Liburutegira joaterik ez zuten izaten. Kontaketak formazioan egin behar izaten zituzten, kornetak deituta.

        «Ziegan, harraska, burdinazko mahaia eta aulkia lurrari itsatsita, eta ohea.

        «Bisitara bere arreba eta nire ama joaten zitzaizkion; gurasoak 1970ean hil baitzitzaizkion. Urte horretan, Sarasketaren epaiketarako eramanda Martutenen zegoela hil zitzaion ama, Tolosan. Ez zioten hura ikusten utzi. Eskaera egin eta biharamunean, bere etxe aurretik pasako zen furgoian, eskuak lotuta, Burgosera bidean. Bi hilabete geroago hil zitzaion aita, bera Burgosen zegoela. Heriotzaren berri emanez arrebak bidalitako telegrama, hiru egun beranduago eman zioten. Aita ikusterik ere ez zuen izan.

        «Burgosen, guraso, anai-arreba eta osaba-izebekin egin zitzaketen bisitak. Beste inorekin ez, ez familiakoekin eta ez lagunekin. Lokutorio luze bat burdin-sarez, bai familiakoak zeuden aldean eta bai presoak zeudenean, eta erdiko pasilloan kartzeleroak. Oihuka hitz egin behar, eta zutik, hogei minutuz. Astean eskutitz bat, niri edo etxekoei, eta hura zabalik, noski.

        «Euskaraz hitz egitea debekatuta zeukaten Burgosen, mordoa zirelako eta kontrolatzen ez zituztelako hitz egiten zuten arren.

        «Burgostik Cartagenera bidean inongo argirik ikusi gabe joan zen Jokin, eta Cartagenan bertan ere lekurik ilunenean sartu zuten, zigor ziegetan. Janaria eramaten ziona besterik ez zuen ikusten han. Gauez koltxoi bat ematen zioten, lurrean bota eta haren gainean lo egiteko. Egunez kentzen zioten koltxoia, eta eserlekurik ere ez zeukan. Hiru hilabetez egon zen horrela.

        «Ziega amerikanetara eraman zuten ondoren, ziega osoa agerian izateko alde batean hormaren ordez barroteak dituzten horiek dira amerikanak. Ziega oso txikia zen, eta bertan ohea, eta harraska txiki bat besterik ez. Foku baten argia ipintzen zioten lo egiteko.

        «Bazkari eta afaritara jangelara ateratzen zuten, preso sozialekin batera, baina aurretik patiora, ordubete inguru jatordu bakoitzaren aurretik. Astean eskutitz bat idatzi zezakeen. Irrati, telebista, telefono dei eta horrelakorik ez zuen. Hilean behin etxeko bisita, eta hitz bakar bat ere ez euskaraz...

        «1972ko martxoan Soriara trasladatu zuten. Han elkarrekin zeuden euskal presoak, baita lo egiteko ere, galeria batean behintzat. Txikia erail zutenean, Euskal Herriari zuzendutako eskutitz bat kaleratu zuten bertako preso politikoek. Mendekua laster hartu zuten kartzeleroek, Jokini egundoko jipoia eman zioten ziegan. Atxiloketan hautsitako hanka igeltsutan zuen artean, eta makilakadaka puskatu zioten igeltsu hori. Laster eraman zituzten Cartagenera Jokin bera eta Larena.

        «1976ko urtarrilean Caceresko espetxera eraman zuten Cartagenatik, eta Sorian izana zuten zuzendariarekin topo egingo zuen han. Baina beste euskal preso batzuekin ere elkartuko da hemen, Tupa eta besteren batzuekin.

        «Sasi-amnistiarekin kaleratu nintzenean, Alcalatik zuzenean joan nintzaion bisitara, eta kartzela inguruko etxe batean geratu nintzen hilabete batez, bisitak egin ahal izateko.

        «Carabanchelgo ospitalera hiru-lau aldiz eraman zuten Jokin ebakuntzak egitera ipurmokorrean eta eskuineko hankan. Hain zuzen Carabanchelgo ospitaletik atera zuten 1977ko maiatzaren 22an, Getafeko aireportu militarrera eramateko. Gauez eraman zuten, ezer sinatu gabe, nora zeramaten esan gabe. Han topo egin zuen Mario Onaindia, Teo Uriarte, Larena eta Dorronsororekin, eta elkarrekin egin zuten Bruselara bidaia, estrainatu gisa».