Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Amnistia ez da negoziatzen

 

Hura ez zela amnistia, arrapostu ematen genien barkamen neurri haiek defenditzen zituztenei. Orduan esaten genuen haiek indulto hutsak zirela, eta indulto baino insultoak ere bai.

        Franco hil eta gutxira, 1976ko udan, kaleratu ziren lehen presoak amnistia haietako batekin, hurrengo martxoan beste batzuk hasi ziren irteten, beste indulto izun bat bitarteko. Kezka eta mugimendu handikoa izan zen 1977a.

        Otsailean agiri bat argitaratu zuten Caceresko presoek, amnistia ezin dela negoziatu adieraziz eta martxoan, indultatutakoak ateratzen hasi zirenean, gose grebari ekin zioten amnistia modu hark egiten zuen diskriminazioagatik protestan. Aurki Burgos, Basauri, Puerto de Santa Maria, Zamora, Valentzia eta Martutenekoak lotu zitzaizkion gose oporrari. Indultatuak irten orduko Belgikara, Austriara, Danimarka eta Norvegiara kanporatu zituen gobernu espainiarrak.

        Pil-pilean zegoen auzi politikoa, eta presoena batik bat; gazte ginenon artean ilusio eta larritasunaren nahastea sortzen zuten gaiak ziren. Amnistia modako gaia zela ere esan zuen politikari batek.

        Baina beste alde batetik errepresioaren oldarrak bortitz jotzen zuen. 1977 eta 1980 bitartean 89 euskal herritar hil ziren, militanteen ekintza-istripuetan batzuk, eta gehien-gehienak Poliziaren eta talde parapolizialen erasoetan.

        1977ko uztailean Askatasunaren Ibilaldia abiatu zen Gernika, Agurain, Zarautz eta Lodosatik lau ilara martxan jarrita. Hamaika egunen buruan, Ibilaldiarekin bat eginez, Durangon agertu ziren Europako 10 konfinatu Telesforo Monzonekin nire belaunaldia markatu zuen ekitaldi hartan.

        Errepresioa trantsizio deitutakoaren moldeak beretzen ari zen neurrian, herri-borrokak ere asmatu egin nahi zuen nola aurpegi eman, aurrekoaren oinordeko zuzena izan arren legitimotasun handiagoa lortzeko bidean zen erregimen berriari. Eta guk nerabe izateari utzi genion.