Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Hitzaurrea
Aspaldi samar idatziak dira liburu honen hasierako zirriborroak eta pasarteak. Leihotik begiratu eta «sartaldea hor, iparra han...» nioen orduan neure artean, eta leihotik begiratzen dut orain ere.
Leihotik begiratzen du presoak, eta ez da metafora, bizitza bera metafora ez bada.
Edozein eratara ere, ez ginen liburu hau idazten hasi irudi literarioetan luzitzeko, bizi ditugun irudiak eta gure aurrekoek bizi izan zituztenak azaltzen saiatzeko baizik.
Eta ez denak hala ere; ez irudi denak. Liburu bat eta bi baino gehiago beharko lirateke kartzelek, kontzentrazio barrutiek eta gisako esparruek eman dituzten irudi guztiak, historia guztiak jaso eta idazteko.
Liburu bakoitzak badu, kontatzen duen historia literalez gain, bere barne historia, bere historia propioa, handia edo txikia, eta honako honek ere bai. Historia txiki asko dituela esan behar nuke zuzenago esateko, asko izan direlako era batean eta bestean lagundu digutenak. Laguntza horien artean, oinarrizkoa izan zaigu etxekoena; haiek gabe ezin izango genuen liburu hau egin.
Ekarpenak eginez lagundu digutenen artean badira bi hau idazterakoan oroiminean ditudanak; osaba Gabino da bata, Jokin Gorostidi bestea. Lerrootatik bihoakie biei azken agur eta omenalditxoa.
Eta bada hirugarren bat, liburu hau hastetik amaitzera hamaika aldiz berriketa gai izan duguna eta orain gutxi zendu dena. Iñaki Rike Turron alegia. Orri mordoxka beharko genuke haren 18 urteko kartzelaldia osorik jaso behar bagenu. Baina, orriotan jaso ez arren, oroimenean daramagu ezagutu genuenok.
Etxetik ihes egitera behartuak izan diren abertzaleen artean hil direnen zerrenda luzeko azkena, beste bat gehiago, izan da gure Turron. Deportazioan, ihesean, etxetik urrunean erasoak harrapatu eta eraitsi dituenen zerrenda ez baita laburra.
Eta kartzelak. Asko jan du kartzelak euskal presoen artean; kide asko erauzi dizkigu. Liburu hau idazten hasi ginenetik irentsi dituzte horma hauek Oihane Errazkin, Jose Angel Altzuguren, Igor Angulo eta Roberto Sainz. Aspaldi egin zen luzeegi zerrenda hori. Presoak urrutiratzea, sakabanatzea, bakartzea eta setiatzea helburu zehatzekin egindako lanak dira, eta arduradun ezagunak dituzte, bulego jakinak.
Aspalditxo idatziak dira liburu honen lehen orriak. Denbora joan da ordutik. Egun asko. Eta hemengo egunek badakite tristeak izaten. Kartzelaren batean kideren bat hil dela jakiten duzunean, esate baterako, zail egiten da burua jasotzea. Kideren baten senide edo lagunek bisitara bidean istripua izan dutela eta norbait zauritu edo hil egin dela jakiten duzunean eztarrira igotzen zaizkizu erraiak. Eta urte luzeak daramatzate gure senide eta lagunek urruneko kartzeletara bidaiak egiten.
Euskal Herrian badira euren buruak ezkerreko eta abertzaletzat dituzten hainbat politikari, urteetan aritu direnak su-eten eske, su-etenarekin dena omen zelako posible. Orain, su-eten dohatsu hori hilabeteetan aurrera doanean, euskal presoak epaitzen jarraitzen dute Auzitegi Nazionalean, eta epaitegi horretan euskal presoek egiten duten salaketagatik erraiak astintzen zaizkie politikari abertzale usteko horiei; preso abertzaleek epaileari men ez egiteak aztoratzen ditu su-eten eskale horiek, eta ez du ematen isolamenduetan dauden presoen egoerak edo komisaldegietan atxilo edukitzen dituztenen larriak asko arduratzen dituenik.
1987-1988an eta ondorengo urteetan PSOEk eta EAJk presoon sakabanaketa justifikatzeko erabiltzen zituzten arrazoi berberak erabiltzen dituzte orain politikari abertzale horietako batzuek gure Euskal Herriratzea edo hurbiltzea eskatzeko: euskal preso politikoon kolektiboak ez omen duela preso bakoitzaren duintasun pertsonala errespetatzen...
Izurriterik okerrena igual izango da malintxearena. Erraz hedatzen dena bai behintzat.
70 urte inguru hartu ditugu kontuan liburu honetarako. Denbora horretan ia etenik gabe izan dira kartzeletan eta ihesean euskal abertzaleak, eta ez dakit noiz arte luzatuko ote den mehatxu hori, zigor hau. Ez dakit gure ondorengoek zelako historiak kontatu ahal izango dituzten. Dena dela, azken 70 urteotakoak ere historia asko daude kontatzeko oraindik, eta kontatu beharko lirateke, denboraren lausoak ez ditzan eraman memoriaren aztarna horiek.
Amaitzeko, esan beharra daukat beste moduren batetakoa izango zela liburu hau Mario Artola lagun eta kidea alboan izan ez banu. Elkarlanean aritzeaz gain, bera izan dut lehen irakurle, kritikari, xaxatzaile. Ordu luzeak eman ditu liburu eta fotokopiak irakurtzen, oharrak hartzen, aldizkari eta egunkarietatik zatiak biltzen...
Elkarlanean aritzeko modua biontzat izan da akuilagarri, baina ni aspertu samartuta nengoenean ere aurrera egin du donostiarrak, traben aurrean ez du pott egin. Batari eta besteari idatzi eta ekarpenen bat eskatzean, batzuen erantzun faltagatik beste batzuengana jotzean, beti egin du aurrera. Baita kartzelakeriengatik, kartzelak berezkoak dituen ilunaldi eta beherakadengatik izandako erorikoetatik jaikitzean ere.
Garai ilusionagarriak omen dira bizi ditugun hauek, historikoak, Mariok haserretzen denetan esaten duen moduan. Su-etena hilabeteetan aurrera, horren zantzurik hemen nabaritzen ez bada ere.
Eta ez dakit ez ote dugun oraindik nahikoa denbora izango horma hauen artean beste historiaren bat idazteko su-etena hona iritsi aurretik.
Geroak esango du noraino iritsiko garen.
2006ko irailaren 17an
Dueñasko espetxean
Jokin Urain