Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Preso zahar eta berriak

 

Berrogeiko hamarkadaren azken aldera espetxeak apur bat husten hasten direla ematen du. Kartzelan gutxieneko bizi baldintzak eta eskubideak eskatzeko borrokak sortu ziren. Alcala de Henaresen, esaterako, preso politikoak prisionero trajea janztera behartu nahi zituztelako 1947an planteak eta gose grebak egin zituzten. Denak ziegetan itxi eta guztiei ilea mozteko agindu zuen zuzendaritzak, ile moztaileek uko egin zioten agindua betetzeari, eta gose greba hasi zen. Azkenean helburuak lortu zituzten presoek. Nolabaiteko euforia hedatzen da kartzela askotan, eta ematen du Espetxeetako Zuzendaritza Nagusira ez dela gai egoerari eusteko.

        Gerra aspaldi amaitua bazen ere, 1943 eta 1952 bitartean ia 20.000 atxilotu daude. Epaiketak, gerra kontseiluak burutzen dira, eta heriotza zigorrak bete ere bai tarteka. Anarkistak dira, batik bat, orduko errepresioaren zuzeneko helburu.

        Indultuekin eta, egoera dezente aldatu zen hamar urtean. 1950ean preso politikoak baino gehiago dira arruntak. Martutenen 43 preso politiko eta 320 arrunt zeuden. Presoen multzoa gutxitzen ari da 1950eko hamarkadaren azken aldera. Badira, hala ere, gerra edo gerraostean atxilotu eta hogei urte inguruko kartzelaldia beteko dutenak, 1944an atxilotu zuten Bitor Lekunberri Otxabina dugu horietako bat.

        Edozelan ere, 1936ko gerra eta gerraostekoak osorik kaleratu baino lehen, beste belaunaldi bat hasi ziren kartzelatzen. 1960an indarberrituta ekin zion Poliziak abertzaleen aurkako erasoari. Txillardegi orduan atxilotu zuten bigarren aldiz; hilabeteren batzuk egin zituen Martutenen, eta ondoren Iparraldera ihes egin. Urte honetan atxilotu zituzten Juan Jose Etxabe eta Jon Ozaeta, eta, polizia-etxean torturatu ondoren, ETAko militante gisa kondenatutako lehenak izan ziren.

        Erbestean dagoen Jaurlaritzaren ahotsa da Euzko Deya. Hona, itzulita, bertan azaldutako pasarte bat: «Apezpikuak isildu egiten dira, baina torturatuek garrasi egiten dute: gazte hauek bortizki torturatu dituzte, tormentu findu eta ikaragarri ugarirekin... Ez ditugu orain epaitu nahi atxiloketa horiek eragin dituzten ekintzak...».

        Baina EAJk, Hegoaldean, Ajuriagerraren batutapean bazuen beste diskurtso bereago bat: «ETAk EAJrekin elkarrizketatzeko mandataria bidali duela esaten digute. EAJk ezin diezaioke harrerarik egin ETAri, ezta elkarrizketarako ere, ondorengo arrazoiengatik:

        Duintasunezkoak. a) Iraintzaile batzuk dira; b) Gezurti batzuk dira; c) Prozedura nazkagarriak erabiltzen dituzte. Lotsagabe batzuk dira, laburbilduz...

        Konfiantzazkoak: a) Aurrez dakigu elkarrizketan esango denaz erabilpen txarra egingo dutela, edozein izanik ere elkarrizketaren emaitza; b) Adostasun batera iristea lortuko balitz, fede gaiztoz doaz bertara, kasu bakoitzean traizio egiteko prest». Santoñako tratua egin zuen Ajuriagerra hura bera imajinatzen dugu dardara arrastorik gabe eskuan duintasunaz, konfiantzaz eta traizioaz idazten.

        Ordurako iheslariren batzuk baziren arren, esan daiteke 1961ean hasten dela euskal iheslarien aldi berria. Hortik atzera, era askotako giza mugimenduen isla agertuko da gizartean: langileen borrokak direla, askapen mugimenduak direla... Eta mugitze horri segitzen dion errepresioaren gogortzea, berriro.

        1962an Etxebarriko Bandak laminazio fabrikan-eta egindako greba gogorren ondorioz, laurogeitaka detentzio eta kartzelatze gertatu ziren. Grebalari haien aukerak ez ziren kartzelara edo etxera bueltatzera murrizten, kartzelatik libre geratu ziren hainbati deportazio zigorra ezarri baitzieten: Badajozera, Cuencara, Cadizera, Caceresa, Almeriara... bidali zituzten.

        1960ko hamarkada bere osoan hartuta, nabaria da urterik urte ehunka direla detentzioak eta epaiketak, urte txarrik ez dela egiteko horietan. Gainera, arretaemangarria da bai abertzaletasun berriaren agerpenak eta ETArekin lotutako borrokak bai haren kontrako jazarpenak duen oihartzuna. Aldi berria abian da, segida ez da eten, ez kalean, ez lantokietan, ez itzalpeko ostatu hauetan.