Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Ibarnegarairi goraintzi
Frantziako Poliziak Ipar Euskal Herrian 800 iheslari atxilotuko ditu 1940ko maiatzean astebeteko epe barruan. Horren karietara Jean Ibarnegarai Uharteko auzapez eta eskuin muturreko jaun deputatuak «iheslari horiek dakarten arriskua eta erakar ditzaketen ondorio tamalgarriak» aipatzen ditu. Euskal errefuxiatuak kontzentrazio barrutietara deportatzea lortu zuen, bere boto-emaileengan eragin txarrik sor ez zezaten.
Lehengoaren aldean zeharo gogortu zen Gurseko erregimena Bigarren Mundu Gerra hasi ondoren. 1940ko uda ondoren, berriz, Vichyko gobernuarekin, Gurs Drancyra bidean geltoki eta aurresala bilakatu zen gehiengoarentzat. Hegoaldeko hainbat euskal herritarrez gain komunista eta frantziar antifaxista gizatxar eta ematxar asko (indesirables français) eta III. Reicheko milaka herritar hartu zituen Gursek. Irekita egon zen denboran 60.000 prisionero egon ziren, eta haietatik 10.367 hil ziren bertan. Eta Drancytik jendez mukuru ateratzen ziren trenak Auschwitzera.
Denbora nola igaro, horixe da kartzela eta kontzentrazio eremuetako arazo handienetako bat. Penak arindu, gosea eta hotza ahazten saiatu, agintariek ezarritako arauak nabarmen hautsi gabe. Jende arteko ariketa eta jarduerak ere lantzen ziren Gursen. Estimazio handienetakoa eskulanek, irakurketak, kirolak, ikasketek eta musikak zuten.
Eta euskaldunen artean erlijioak. Bazuten kaperatxo bat, Gurstar guztientzat irekia egoten zena igandero, Iñaki Azpiazuk meza ematen zuena.
Poesia ere idazten da kontzentrazio eremuetan. Non bestela? Nikolas Ormaetxea Orixek Gurseko larderian ondu zuen Idorreria. Ez zuen atzendu Ibarnegarai.
IDORRERIA
Kanta behar dut dakizun nekea.
Holako nekerik nehon badea?
Batak egiten omen du xixtor gogorra,
bertzeak ur mehea?
hirugarren batek, haren zortea!,
erditzen du erditzen du haizea!
Gerla denborako idorreria,
aski jan gabeko ahuleria.
Lau egun jan eta ere, ez zaut betetzen
ertzearen erdia.
Pusa ta pusa banendi balia...
Alferretan alferretan guzia.
Bigarrenez noa kabinetara
txanza hobearen entseiatzera.
Ez banu sekula santan nik ezagutu
Uharteko jaun mera!,
Donibanetik uda pasatzera
igorri nau igorri nau Gurs-era.
Oren erdi nindagon kokoriko
haurrik ote zitzautan etorriko.
Zainak lehertu puntuan, begiak gorri
ez nexka ez mutiko.
Beldur nintzen antzuen iduriko
nindakela nindakela betiko.
Hirugarrenez banizun ustea
garait nezakela nire nekea.
Aspaldi jan eskas eta mehatua zen
ene bare sarea.
Bi umez izortu zaut sabelpea
etendura etendura doblea!
Haizatu dut ene malur zaharra,
egun oroz biz iten dut beharra.
Uzkurtu nizan orduko ateratzen zaut
urre mokor azkarra.
Bidarraiko jana ez duk hondarra,
badik nonbait badik nonbait indarra!
Etsaigoa behar badut ahantzi,
otoi, Jauna, enetzat induljentzi!
Ez baita sobera gogor jaun horrentzat nik
gorde dudan sententzi.
Jana egin eta naizela jantzi
«Ibarneri Ibarneri goraintzi!».