Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Laurogeiko hastapenak

 

Urte gozorik ez da izan gurean aspaldi handian. 1981ean hiru euskal herritar hil zituen Batallón Vasco Español erakunde parapolizialak Hego Euskal Herrian. Herrera de la Manchan Juan Jose Crespo Galende gose greban hil zen. Komisaldegian edo atxiloketa unean hiru euskal herritar hil zituzten. 1982an Esteban Muruetagoiena sendagile oiartzuarra, komisaldegian bederatzi egunez egon, kaleratu eta lau egunera hil zen. Hamarkadako lehen lau urteetan 30etik gora dira Poliziarekin enfrentamenduan, kontroletan tirokatuta edo ekintza istripuetan hildakoak, ETAko militanteak gehienak.

        Madrilen aurpegi berriak agertu ziren gobernuan, EAJk ardura berriak ditu, harreman berriak daude batzuen eta besteen artean... Forma zaharrak itxuraldatzeko garaia zela pentsatuko zuten, funtsari eutsi eta tradizioa jarraitzeko.

        Jose Arregi komisaldegian bederatzi egunez torturatuta hil eta egun gutxira adierazpen handiosoak egin zituzten euskal politikari zenbaitek:

        «Atxilotuta egon den denboran jasandako torturaren ondorioz gertatutako Jose Arregi Izagirreren heriotzak gure gaitzespen eta errefusatze erabatekoa merezi du» zioen Txiki Benegasek. Erantzukizun eske zetorren Enrique Mujika Herzog: «Torturaren bidez polizia funtzionarioek egindako Jose Arregiren erailketa gupidagabea, zorrozki zigortu beharrekoa da».

        Tankerako asko irakurri ziren prentsan. Carlos Garaikoetxea honela mintzo zen: «Konsternazioa eta samin sakon bat sentitzen ditut gertaera tragiko honengatik». Eta honakoa esan zuen Xabier Arzalluzek: «Hori bai, kasu honetan torturak izan direla konfirmatzen bada, oso modu serioan planteatu beharko genuke hartu behar lituzkeen neurriak hartzen ez dituen Gobernu batekiko elkarlana». Jakina, tortura haiek konfirmatzeko arriskurik ez zegoenez, Madrilgo agintariekin kolaboratzen jarraitu zuten Arzalluzek eta bere alderdiak.

        1981eko uztailean ehundik gora preso eraman zituzten Carabancheletik Puerto de Santa Mariako kartzelara. Alcala Meco 1982ko udan ireki zuten, eta Sorian zeuden 150 preso inguru bertara eraman zituzten arrazoi on batekin, Enrique Galaxis orduko espetxe zuzendariaren hitzetan: «Soria Euskal Herritik hurbilegi dago». Abenduan, zuzendariarekin elkarrizketatzea eskatu zuten euskal presoek, berogailu falta, jangela arazoak eta aurkezteko. Zuzendariak, presoekin hitz egin partez Polizia sarrarazi zuen kezko pote eta gomazko pilotak jaurtikiz, dena puskatu eta zangopilatuz eta, kartzeleroen laguntzaz presoak jipoitzeko. Ordurako PSOE zegoen gobernuan.

        1983ko maiatzean hainbat preso Puertora eramateko aitzakiarekin, berriro sartu zen Polizia Alcalan triskantzak eraginez. 1984an ostera Alcalara, eta gehienak Herrera de la Manchara eraman zituzten Puertotik guztiak atera ondoren. Bitarte horretan 350 inguru izatetik 430 izatera egin zuen gora euskal presoen kopuruak

        Funtsean ez da mudantzarik, abagune politikoa eta gobernuak aldatu-ez aldatu. Urak ez du ubiderik berritu, euskaldun populuaren askatasunaren kontrako errepresioaren ondorengotza eta trasmisioa beti zorrotz burutzen delarik.