Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Zapia
Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko kolpisten senitarteko ilustreak babesteko baliatu zituen EAJk Donostia eta Azpeitiko kuartelak, erlijiosoak eta Madrilgo udatiar mordo bat gerizatu zuten. Gero ez zen izan aterpe emate horrekiko esker onik, eta faxistek erasoari gogor ekin zioten euren lekuak berreskuratu zituztenean.
Paulino Uzkudun anarkistek atxilo hartuta zeukaten Zarautzen, eta EAJk egindako gestioei esker askatu egin zuten. Ez zuen ordain gozorik eskaini gero, faxisten fusilamendu pelotoietako ohiko bolondres bihurtu baitzen Uzkudun, Hernani inguruetan. Orduan koldarra, frakasatuta, orangutana deitu zioten EAJkoek Gudari aldizkaritik. Hala gogoraraziko digu Roberto Artl-ek ere Aguafuertes vascas haietako batean. Handik urte askotara, ordea, Uzkudun boxeolariaren aintzak entzun izan ditugu irratitik, euskara garbian entzun ere, eta ez noski gobernadore militarraren ahotik.
Pasadillo, Pasai Donibaneko Pisbe enpresa bakailaozaleko ofiziala, herriko batzokian ezkutatu zuten jeltzaleek, komunistek harrapa ez zezaten. Geroago, 1936ko urrian, Baionatik Bilbora zihoan Galerna ontzia zeraman Pasadillok, eta Pasaiko agintariei entregatu zien oso-osorik, bidaiari eta guzti. Haien artean zen Jose Ariztimuño Aitzol. Azkar asko fusilatu zuten Hernanin.
Jose Markiegi apaiza ere 1936ko urrian hil zuten faxistek, Oiartzunen. Idazle ezaguna zen Markiegi, hark idatzi zuen (sinatu ez bazuen ere) Lizardiren Itz-lauz artikulu bildumaren hitzaurrea. Markiegiren fusilaketari buruz Telesforo Monzonek idatzitako poema inedito batzuk aurkitu dituzte orain gutxi (2004an), Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen egoitzako korrespondentziaren artean. La delación du izenburua poema batek. Honela dio:
Hil baino lehentxoago
piketeko bati,
Euskaldun dela igarrita,
mintzo zaio Markiegi:
«Zapi hau, hil ondoren,
nire odolez busti
ta Aramaionara joan ta
eskainiok apaizari».
Abiatu,
hura etxean aurki,
negarrez agurtu ta eskaintza erakutsi.
Zuri-zuri, soinak dar-dar,
«Ez naiz ni» dio, «ez naiz ni».
Uka nahian
egia azaldu argi.
Gure gazte itsutu, zapia hari jaurti,
ta apaiz odolak gorritu
apaizan aurpegi txuri.