Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Errendi dadila Bilbo

 

Etsigarriak izan ziren Bizkaiko azken egunak. Euskal batailoiek, batzuk berrosatuta eta besteak deseginda, Santander alderako ihesa antolatu zuten, Castro-Alenen eta Karrantzan, Lanestosan... borroketan jarraitzeko. Euskal-neguritar burgesia Goizeko-Izarra eta Sotaren beste ontzi batzuetara igo zen bien bitartean, giro hobearen bila: Venezuelara, Mexikora... Handik hizki larritan idatzitako telegramak bidaltzen zizkieten borrokari eutsi ziotenei: «ANIMO, ZUEKIN GAUDE!».

        Steer-en begiekin jarraituko dugu Bilbotik Santanderrerako erretira nekosoa: «Santanderren ez zegoen aski garraio 6.000 zauritu eramateko, eta are gutxiago osasun tresneria edo sendagairik. Torrelavegarako errepidea etsaiaren artilleriapean zegoen eguerditik. Urtebeteko gerraren ostean, 1937ko abuztuaren 24rako bere lurraren azken metro koadrorainoko guztia galdua zuen euskal gudarosteak, Castro Urdiales eta Santoña bitarteko larre sail mehe bat izan ezik». Eta errendizioa iritsi zen.

        Santoñatik urruti hasi ziren errendizio haren negoziaketak. EAJk Vatikanoarekin izandako elkarrizketetan Aita Alberto Onaindiak Valerio Valery Parisko nuntzio apostolikoa izan zuen solaskide. «Gizon hotzegia eta guztiarekiko ezaxola» Onaindiaren hitzetan.

        Gernikaren bonbardaketatik aste batera Isidro Goma kardinalari zuzendu zitzaion Eugenio Pacelli, Pio XI aita santuaren izenean, hark eska ziezaion Jose Antonio Agirre lehendakariari erresistentzia bertan behera uzteko. Ez bat eta ez bi, Agirreri idatzi zion Goma kardinalak: «Kontzientzia eta talenturik gabeko agintarien biktima izan da herri apal hori. Herriek ordaintzen dituzte gaizkiarekin egindako itunak eta horiek mantentzeko protervak. Onar iezadazu aholku bat: errendi dadila Bilbo. Ohorez egin dezakezu».

        Negoziaketak eten egin ziren bolada batez, baina Donostiako kontsul italiarrak Francisco Francori esan zion Euskal Gobernuak posible ikusten zuela adostasun batera iristea italiarren bitartez. Potentzia katoliko legez ondo ikusia edo onartua izango litzatekeela Italia.

        1937ko ekainaren 14an Bilbon bildu ziren euskal batailoien ofizialak, errendizioa eztabaidatzeko. Juan Ajuriagerrak, Lucio Artetxek eta Ramon Azkuek batailoiek diziplinari eustea lortuko dute. Handik zortzi egunera berrogeita bost agintari militar eta politiko deitu zituen Ajuriagerrak. Mahaiburuko Doroteo Ziaurriz, EBBko lehendakaria. Gerra lehenbailehen amaitzea erabakita zuen EAJk.

        Steer-ek honela ikusi zuen Santoñakoa:

        «Honakoak ziren Juan Ajuriagerra Eusko Alderdi Jeltzaleko buruzagiak eta bere ordezkari Lucio Artetxek Mancini general italiarrarekin adostatutako baldintzak:

        «Euskal gudarostearen aldetik:

        «1.— Armak utzi eta materiala legio italiarren indarrei entregatzea, hauek Santoña erresistentziarik gabe okupatzeko.

        «2.— Okupatutako sailean ordena publikoa mantentzea.

        «3.— Laredo eta Santoñako kartzelan zeuden bahituen bizia eta askatasuna bermatzea.

        «Italiarren aldetik:

        «1.— Euskal borrokalari guztien bizia bermatzea.

        «2.— Une hartan Santoñan eta Santanderren zeuden euskal pertsonalitate eta funtzionario guztien bizia bermatu eta atzerrirako irteera baimentzea.

        «3.— Euskal borrokalari guztiak kapitulazio horri lotuak kontsideratzea, gerra zibilean parte hartzeko edozein beharretik libre.

        «4.— Behin-behineko Euskal Gobernuari leial izandako biztanleria zibilak jazarpenik ez zuela jasango bermatzea.

        «Baldintza hauetan Gezi Beltzen dibisio italiarrari armak entregatzeko prestatu ziren euskaldunak eurentzat gerra amaitua zelako. Italiarren aurrean entregatu ziren, Italiak garaitu zituelako, eta ez Francok. Rezola bezalako buruzagi politikoak Frantziara eramango zituzten ontzien zain zeuden», jarraitzen du Steer-ek.

        «Ekainaren 26an, ostegunean, eguna argitu bezain laster berriro mugitu behar izan zuten gudariek, artean Manciniren promesetan sinesten zuen Defentsa Juntaren aginduz. Arratsaldeko bostak aldera sartu ziren italiarrak Santoñan. Euskal infanteriak, keinurik egin gabe igarotzen utzi zion prozesio hari. Euren sentimenduak ezkutatu ezinean zirenak teilatupera sartzen ziren. Euskaldunek zehatz-mehatz bete zuten ituna: armak errenditu, materiala eta presoak entregatu eta ordena publikoa mantendu zuten inguruan. Euskal historiaren momentu solemne honetan, britainiar ontzi txiki bi sartu ziren Santoñako badian. Bobie zetorren aurrean, Seven Seas Spray ondoren zuela. Baionatik bidalita zetozen, euskal arduradunak jasotzera, Mancinirekin egindako itunaren arabera».

        Bobie ontziaren M. Georges Dupuy arduradunaren ahotik jasoa ematen du Steer-ek Santoñako ontziratze eta ihesaren berri: «Santoñara iritsi eta udaletxera jo zuen Dupuyk. Armarik gabeko gudariz beteta zegoen hura, eta haien artean zaurituak nonahi. Ajuriagerraz galdetu zuen. Gasteizen zela. Kapitulazioaren baldintzak jakinarazi zizkioten Dupuyri, eta artxiboak eta irrati ekipoa ontzira eraman zituen jasotako aginduak betez. Ekainaren 27an ostera udaletxera itzuli zen, eta italiarrak eta euskaldunak aurkitu zituen han. Italiar soldaduek inguratuta zeukaten udaletxea. Kaian pilatzen hasi ziren euskaldunak, ontziratzeko gertu. Bederatzietan jaso zuten agindua, buruzagiek emandako pasahitza edo Euzkadiko Gobernuak emandako pasaportea zutenak ontziratzen hasteko. Ez-eskuartzearen Komiteko begirale Costa e Silva eta bien artean zeukaten dokumentazioa, eta ontzi bietara igotzen zihoan jendea. Goizeko hamarrak inguruan ontziratze hura eteteko agindua eman zuen uniforme italiarrean Falangearen ezkutua zeraman ofizial espainiar batek. Soldadu italiarren zenbait sekzio agertu ziren geroxeago kaian. Ontziratu zain zeuden euskotarrak inguratu, eta ongi kokatutako lau puntutan ezarri zituzten metrailadoreak. Bobie ontziaren pasabidean ere guardia ipini zuten, eta ontziaren eta lehorraren arteko komunikazio oro debekatu. Arratsaldean udaletxera joan ziren Silva eta Dupuy, eta Santoñako plazako komandante zen Fargosi koronelari bisita egin zioten. Ordurako han ez zegoen euskal buruzagirik. Fargosi koronelak Dupuyri esan zion Francoren agindua jaso zuela, Santoñatik inor ez zedin atera, ez euskaldunik eta ez atzerritarrik.

        «— Ontzietan zeudenak bandera ingelesaren babespean zeudela esan nion, eta aurrerantzean beste inor igotzen uzten ez bazuten ere, Bobie eta Seven Seas Spray ontzietan zeudenekin joango nintzela. Bere erantzuna behin betikoa izan zen:

        «— Ez zaio inori utziko Santoñatik irteten. Badiatik kanpo zaintzen dagoen Almirante Cervera-k baditu horrekiko aginduak.

        «Ontzira itzuli zen Dupuy, eta ofizial frankistak Bobie-tik jaisteko agindu zien ontzian ziren guztiei.

        «Larunbatean [Dupuyk jarraitzen du] egun berria zabaldu orduko, ontzitik jaitsarazitako gizonak errepidez Laredora bidean zeramatzatela ikusi nuen. Italiako bandera zeukaten kamioietan zeramatzaten beste batzuk, beste errepide batean zehar, auskalo nora. Orduan beste euskaldun batzuk ikusi nituen moilara jaisten eta han elkartzen. Farina teniente koronelaren aginduetara zegoen guardia italiarra. Hantxe zeuden Fergosi eta Piesch koronelak ere; kontzentrazio zelaien arduraduna zen azken hori. Bi talde osatu ziren kaian: euskal borrokalari desarmatuak alde batean, eta buruzagi politikoak bestean. Beraiekin hitz egiteko baimena eman zidaten eta honakoa jakin nuen:

        «1.— Ez zegoela Ajuriagerraren berririk.

        «2.— Abian zeuden negoziaketetan bazegoela nolabaiteko itxaropena denak ontziratzeko agindua lortzeko. Aipatutako arrazoiengatik, irteera ahal nuen bezainbeste atzeratzeko eskatu zidaten.

        «Egia da: konfiantza eta itxaropena ziren nagusi Santoñan... buruzagitzaren artean behintzat».

        Ontziratzeak eta lurreratzeak, italiarrekin eta falangista espainiarrekin izandako gorabeherak kontatzen jarraitzen du Dupuyk. Errendizio ituna errespetatuko dutela agindu zioten ofizial italiarrek, eta halako batean abiatu eta goizeko hamarrak hamar gutxitan iritsi ziren Baionara.

        «Euskaldunen kapitulazioa baino lehenago ere itun eta tratatu askotan hitza jan zuen Italia faxistak» dio Steer-ek. Egia izango da, baina gudarosteak Santoñako mataderian saldu eta buruzagi eta funtzionarioak ontzian sartuta ospa egiteko tratua italiar faxistekin sinatu zutenek ez daukate hitza jatera ohituta daudenek baino sinesgarritasun handiagoa.

        La Vanguardia egunkariak Piazzoni jeneralari egindako elkarrizketa zatia da hau:

        «— Borrokaldi zoriontsu eta distiratsuena zein izan zen?

        «— Bilboko portuaren eskuratzea, Gezi Beltzek egin zutena; eta zoriontsuena Laredo, Santoña eta Limpias eskuratzea. 30.000 preso errenditu ziren».

        Ez du ematen hitza jan izanak asko kezkatzen zuenik ofizial italiarra. Dena dela, errendizio hura guztia ez zen bare-bare egina izan; ihes saioak izan ziren eta bere buruaz beste egin zutenak ere bai. ANVko gudari batek esku-granada bat leherrarazi zuen, lagunengandik alboratuta, bere burua hiltzeko. Laredotik 40 gudarik ihesari ekin zioten bi gasolinotan abuztuaren 23an, Alberto Barandika kapitainaren eta Txomin Ondiz Irrintzi-ko sarjentuaren gidaritzapean. Ondizen ontziak lortu zuen bere helburua, baina Barandikaren boua faxistek harrapatu eta tripulazioa Larrinagako kartzelan sartu zuten. Barandika fusilatu egin zuten.

        Steer-en idatziak berriro: «Urriaren hirugarren asterako gauza jakina zen heriotza zigorpean zeudela italiarrek Frantziara bidaliko zituztela agindutako gizon haietako 600. Urriaren 21erako erailak zituzten 16 (Fronte Popularra osatzen zuten alderdi bakoitzeko bi). Lerro hauek idazten ditudan bitartean bete-betean burutzen ari da diplomaziaren terminologia modernoa osatzen duen lagin bat: erailketa masibo bat. Populazio zibilaren aurka ziharduten tribunal militarren bitartez, hilketa judizialaren ohiko agintea abiatua zen Bilbon. Egunero ezartzen ziren funts gabeko salaketetan oinarritutako heriotza zigorrak».

        Euskal Gobernuko iturrien arabera, Santoñako errendizioan atxilotuetako 321 hil egin zituzten, fusilatuta edo garrotean. Juan Ajuriagerra eta Lucio Artetxe negoziatzaileak ere atxilotu egin zituzten Santoñan, baina ez zituzten exekutatu. Txakurrak txakurrik ez jaten.