Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Patio bat
Gerrak iraun zuen bitartean frankistentzat trintxerak egiten jardun behar izan zuten langile askok. Fronteko lubakiak utzi eta beste zeregin batzuetan ipini zituzten prisioneroak guda amaitu ondoren. Trenez, zorriz eta zikinkeriaz betetako trenetan egiten zituzten bidaiak eta leku aldaketak, pixa eta gainerako beharrizanak martxan zihoazela bagoiaren zoruko zulo batetik errendituz.
Gibraltarren ere aritu ziren gotorlekuak egiten. Ingelesen harkaitzeko askatasuna hain hurbil ikusirik, ihes egiten saiatu eta lortu ere egin zuten bakarren batzuek. Ingelesek atxilotu eta itzuli egiten zituzten Francoren tropek gainontzeko prisioneroen aurrean fusila zitzaten, libertatearen ametsaren hegoak jo eta bertan hautsiz.
Kontzentrazio barrutietako ibileretan ageri den pertsonaia jakingarri ugarien artean, eskuetara heldu zaigu Marcos Ana goitizenez idazten zuen Fernando Macano Castillo poeta komunistaren aditzea. Alacanten egin zuten preso Littorio dibisioko italiarrek, eta Jose Maria Mugerzarekin batera egon zen Albaterako esparruan. Hango gosearen handia aipatzen du Marcos Anak ere, jateko belar bila nola ibiltzen ziren.
Ihes egitea lortu bazuen ere salatari batek salduta egun gutxiren buruan atxilotu zuten atzera. Ez zen atera 1961eko azaroaren 17ra arte. Burgosko kartzelatik Buenos Airesko erbestera Maria Teresa Leon eta Rafael Albertiri idazten hasi zitzaien. Honela galdetzen zion Maria Teresa Leonek gutun batean: «Zer egiten duzu, ez al dute zure orduek berunak adinako pisua?».
Labur erantzun zion Marcos Anak:
Bi hitzetan
konta diezazuket
nire bizitza:
Patio bat.
Zeru zati bat,
handik igarotzen dira
laino galdu bat
eta txoriren bat
bere hegoengandik ihesi.