Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Ur gainean idatziak

 

Mariok botilatik tragoa egin du.

        — Zer moduzkoa dago ura?

        Ez dit erantzun; begiratu bai, txinpartak jaurtitzeko moduko begiekin, baina hitzik ez. Zortzi egun daramatzagu gose greban, zorioneko estatus politikoaren eskean. Egunetik egunera, gure indarrak pixetan doazela sumatzen dugu. Ura edan eta pixa egin. Horretan doaz egunak. Loa, erbiloa da gauean. Nekatu egiten zaitu oheak, eta ohetik jaikita ere nekatu. Hitz egiteko gogorik ez; ezta inoren berriketak entzuteko ere. Eta ura edan, eta egin pixa, ura bezain garbia. Ahoa, mihia... kartoizkoak dituzu goizean jaikitzen zarenean, gerria minduta, eta ahulezia hau!

        Gose grebetan egunik txarrena lehenengoa dela, noizbait baraua egin duen edonork daki. Baina egun bateko baraua igaro eta aurrera jarraitzen duena, laster ohartzen da bigarren eguna dela txarrena... Orain, zortzigarren egun honetan, argi dago gaurkoa dela txarrena, eta ez dakit nola iraun daitekeen egun bat gehiago, nola iraun izan dudan beste gose greba batzuetan zortzi egun, eta beste zortzi, eta... Eta ez dakit nola iraun izan duten kolektiboko hainbat kidek hogeita hamar egunez, eta berrogei egunez, eta berrogeita bat, eta berrogeita bi... ur botila aldean, bat hustean beste bat hartu, ur nazkagarri hau...

        Ura edan eta irakurri. Atzeratuta datozen eskutitzak irakurtzen ditugu. «Kantorekin jarraitzen diat hemen; lehen Mikel nafarra ere hemen genian, baina hirunaka egotea ez zitzaiean nonbait gustuko, eta Madrilera buelta bat eginarazi ondoren beste modulu batean sartu ziaten.

        «Txispasen berririk ez diat aspaldian eta ez duk harritzekoa; Malaga aldeko beroarekin barrabiletaraino nazkatuta egongo duk. Urtean behin edo idazten zidak, kukuak bezala. Lehengo lepotik burua!», kontatzen dit Erletek Zueratik.

        «Bestalde, hemetik betiko lez ba, giltzapeko egunerokotasuna, behin eta barriro ahora jatorkun pipinoaren zaporea lez, isolamendu eta gainerako modulutan barreiatuta...», dio Aitorrek Curtisetik.

        «Ohar txiki bat bidaltzen dizut nire etxe berri honetatik. Beste zortzi kideekin nago modulu honetan, baina gaur bertan ekarri naute modulura eta oraindik ez ditut denak ezagutzen», Almeriatik idatzi dit Koldok, Puertotik hara heldu berri dela...

        Alde batetik eta bestetik, kartzela zahar edo berrietatik iristen diren kideen eskutitz guztiak datoz nahiko atzeratuta, guztietan aurki daitezke urtea joan urtea etorri konstante diren antzeko zertzeladak.

        Zapaterok hausteskundeak irabazi zituenean, talante berri sonatua hauspotu zuten handik eta hemendik. Gauetik goizera dena eraldatuko zela pentsatu zuten askok. Kontuan izan behar da gainera talante berri falta handi samarra izaten dela leku hauetan normalean. Baina ezin da ukatu batzuetan gertatu gertatzen direla aldaketak.

        Zenbatetan ez ote dugu salatu hemen jaso eta hemendik bidaltzen ditugun euskarazko eskutitzak atzerapen handiarekin iristen zirela —hogei egun, hilabete—, erdarazkoek, aldiz, asko jota astebete behar izaten zutenean. Orain aldatu da gauza hori, eta erabaki du talante berriak: dagoeneko berdin-berdin, hogei bat egun-hilabeteko atzerapenarekin iristen dira erdarazko eskutitzak euskarazkoak bezalaxe. Ikasi dute azkenean hizkuntza normalkuntza zer den, diglosiari nola hartu gaina.

        Irakurri eta ura edan... Eta berriro saiatzen naiz Mariorekin:

        — Gorputzarentzat ona omen da ura.

        — Ona? Oinak garbitzeko da ona ura, ez bestetako —begiratu ere egin gabe erantzun dit. Eulituta dago donostiarra.

        Goizetako kafeak ditu gogoan, dudarik gabe. Eta kafesnetan bustita jaten genituen madalenak, edo gaztanbera eta mermeladaz ondo osatuta jaten genituen ogi xerrak.

        Egunkariak irakurtzean, elikadurari buruzko orrialdeak ikusten ditut gehigarrietan; aldizkarietan hobeto agertzen dira elikagai horiek, argazkietan; pastelak, arkumea, entsalada eder horiek, patata eta arraultza frijituak, babarrunak zezina zatiekin...

        Telebistan beste ukigarritasun bat dute hala ere elikagaiek, janaria publizitatean ere. Argiñanok untxia zelan prestatzen duen begiratzen dut, lerdea daridala, baina gosez geratu naiz Argiñanoren untxia pantailatik desagertu denean, eta zortzi bat lagunentzako adinako flana jaten hasi naiz...