Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Zakur bat biraka

 

1939ko abuztuan Sevillako Carmonako kartzelara eraman zituzten Dueñasko kartzela zaharrean zeuzkaten apaizak. Errepublikak itxi egin zuen kartzela bihurtutako Carmonako komentua inor bizitzeko moduko lekua ez zela iritzita, baina erregimen berriak ireki egin zuen ostera, Sevillako prostitutak sartzeko aurrena, eta Dueñasko elizgizonak eta Besteiro buruzagi sozialista gero.

        Eguzkia behera doan heinean odoltzen ari da ostertza. Ziegako leihotik oskorriari begira jarrita, Dueñas daukat goi antzean aurrez aurre. Handik honainoko tartean makaldiak ibaia markatuz, galsoroak, eguzki lore saila... Nahigabe ere eskuin aldera, ipar-ekialderantz doakit begirada ilunabarrean. Hor nonbait izan behar du gure etxeko atariak.

        Parez pare ikusten den Dueñas horretan eduki zituzten duela 70 bat urte berrogeitaka euskal elizgizon. Haiek ere iparraldera eta apur bat ekialderantz begiratuko zutela bururatzen zait. Elizgizon izateak eta fedeak ez ziela etxemina kenduko ilunabarretan.

        1938ko urriaren 17an ekarri zituzten guardia zibilek zaindutako bi autobusetan. Presoekin batera ekarri zituzten zaindarietako bi ere fraideak ziren. Karmeldarrak ziren hamaika, pasionista bat, marianista beste bat, eta gainerakoak elizbarrutietakoak. Euzko Gudarosteko kapilau boluntario izanak ziren hogeita sei.

        Dueñasko kartzelako egoitza San Isidroko Trapako Aiten monasterioarena zenez, Trapako kartzela deitu izan zaio. Eguzkia erabat ostendu denean are gorri-moreago egin dira ostertzeko laino printzak, eta Dueñas ageriago geratu da muino bizkarrean. Eliza nabarmentzen da herriko etxeen artean. Goraxeago, etxez inguratuta baina herriguneari goitik behera bezala begiratuz, oin karratuko kanpandorrea izan behar duena. Gainerako etxeen paretik gora bi solairu, eta haietako bakoitzean bi leiho, erdi puntukoak diruditenak. Hori ote da Trapatarren monasterioa? Ezetz esango nuke, halabehar handiegia litzateke. Zeharo gautu eta herria argi-saretu denean nabarmenago egin da kanpandorrea.

        Berrogeita hamar urtetik gorako presoentzat truke proposamena iritsi zen halako batean Trapara. Baina ekimen hura gaizki hartu zuten Palentzian eta Venta de Bañosen, eliztar haiek nazionalekin egotea baino gorriengana joatea nahiago zutela ulertu zutelako. Mendekuz, ez zieten ipini hitz emandako berogailua, eta presoekin batera etorritako fraide zaindariak lekuz aldatu zituzten.

        Trukearen bitartez izanda ere, euskal presoak kaleratzearen aurka zeuden garai hartako espainiarrak. Egun ere aztoratuta dabiltza Iñaki de Juana kaleratzear izan delako ia 19 urtez preso egon ondoren, eta besterik ezean egunkarian iritzi artikulu batzuk idatzi zituelako kondenatua dute. Gaurko hauek bezalaxe, atzoko kartzelero haiek indultua agindu zieten Trapako giltzapetuei, baldin eta publikoki euren damua agertzen bazuten.

        1939ko abuztuan Trapako egoiliarrak Carmonako kartzelara eraman zituzten, han hil zen Besteiro 1940an. Urte hartantxe askatu zituzten elizgizon haiek guztiak, Gasteizko elizbarrutitik kanpo desterratuta utziz.

        Zakur bat dabil zelaian, bere baitan biraka, belar artean etzateko lekua egiten, muturra ipurtzuloaren ondoan duela kiribilduta geratzeko. Horixe da historia batzuetan.