Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Galtzearen aritmetika
Santoñako saldukeriaren ondoren arras bizkortu zen errepresio eta izua. Frankistek ez zeukaten Ajuriagerra eta italiarren arteko jolas diplomatikoak errespetatzeko batere asmorik. El Duesoz jabetu eta hilabetegarrenean burutu zuten lehen fusilatzea: Manu Egidazu preso komunista hil zuten. Handik atzera, atertu ezinezko zerrenda osatu zen.
1938ko apirilean Baionan sinatutako agiri batek jazarpenaren datu zehatzak ematen ditu. Fusilatuta eta garrotez hildako euskal herritarrei gagozkiela kopuru hauek ematen ditu: Araban 400, Bizkaian 953, Gipuzkoan 2.500, Nafarroan 10.000, Santanderren eta Asturiasen fusilatuak, 200 inguru.
Espetxeen berri dakar ondoren. Argi ikusten da ohiko kartzelez gain etxe eta bestelako leku asko bilakatu zituztela kartzela preso samalda handiak gatibu edukitzeko: konbentuak, gotorlekuak, kasernak, frontoiak, etxeak, itsasontziak...
Bizkaian 15.400 preso zeuden, Nafarroan 5.250, Gipuzkoan 3.000 jasotzen ditu txostenak eta Arabarako 1.100 ematen ditu. Zenbateko horiek osatzen dira Santanderren, Dueson eta Santoñako Institutuan zeuden 5.300 presoak batuta.
Goiko datuei gehitu agintarien aurrera sinatzera agertu behar zutenak, ondasunak kendu zizkietenak, isunak zituztenak, karguak kendu zizkietenak eta desterratuak eta 50.000 errepresaliatu egiten dituzte. Etxetik kanporatuak, 120.000 pertsona; kontzentrazio eremuetan edo lan batailoietan zeudenak beste 30.000 pertsona.
Zenbakien dantza hau inoiz zorabiagarri gerta baledi, argitasun izpia ere badakar hainbeste itzalen artean. Agiri hauek guztiek eman didate, neurri batean bederen, zenbakiei darion arnasa antzemateko aukera, paper eta ordu hotzei orbanetan arrasto humanoak bilatzeko, ahotsak eta aurpegiak ezagutzeko, ikusteko edo asmatzeko.