Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Udaberriko eguzkia

 

1973ko apirilean Eustakio Mendizabal Txikia hil zuten Algortan; urrian Jokin Diestre Barroso hil zuen Guardia Zibilak Fruizen; azaroan Joxe Etxeberria Sagastume amezketarra eta Jose Luis Pagazaurtundua laudiotarra zendu ziren Areetan, autoan lehergailuak eztanda egitean; abenduan Josu Artetxe Aiesta zeberiotarra hil zuen Guardia Zibilak Altzako etxe batean.

        Keratxoa egin nahi nuen 1973an. Anabasa handiko urteak ziren, lanbro arteko urteak, baina lanbro arte hartan nabarmendu ziren Txikia bezalako argi iturri indartsuak. Erreferentziak ideietan bilatu eta pertsonalismoetatik ihes egin beharra dago. Baina ideiek ere, tximeletak bezain hauskorrak izango ez badira, pausalekua behar dute. «Ideiek aurpegiak behar dituzte» egingo lidake Angel Figeroak, patioan paseo bizkorretan aspaldi esaten zidan moduan.

        1970eko urteetan borrokari ekiten zioten gazte eta zaharrek bazituzten ideiak, utopiak, helburuak, baina pertsona erreferentzialak ere bazituzten. Lehenagokoek ere bai. Erreferenteak ziren Kepa Ordoki edo Mario Salegi, Telesforo Monzon eta Txabi Etxebarrieta, Eustakio Mendizabal Txikia, Argala eta Txomin Iturbe... erreferentzialak zaizkigu eta haien arrastoari jarraituz iritsi gara gauden lekura.

        1973an gogortu egin zen kartzelako egoera; kalean ere ugaldu egin ziren protesta ekimenak. Zamorako espetxeko urte haietako bizipenak bertsotan jasota ditu Xabier Amurizak Menditik mundura liburu ederrean. Hala ere, Julen Kaltzadak kontatzen du 1973ko azaroan Zamoran zeuden sei apaizek egin zuten motina nola izan zen:

        «Dena hautsez eta kedarrez beterik patio txiki bat geneukan Zamoran, tximinia erraldoi baten ondoan. Udaberrian iristen zen eguzkia eta urrian ezkutatu berriro. Porlanez gogorturiko hartxintxorrezko patio hartan ibiltzen ginen gu paseoan eta «pilotan», jainkoak dakien moduan. Halere, bere puntu ahula zeukan patio hark ere: porlanik gabeko zerrenda bigun bat, patio osoa zeharkatzen zuena eta mirari guztien gune bihurtu zena. Hantxe lurperatzen genuen «osaba Jose», tunela egiten genbiltzanean kanpoko lagunekin komunikatzeko geneukan walkie-talkie-a, irrati txiki bat, kanpotik iristen zitzaizkigun panfletoak... eta hainbat ezkutuko tresna eta misterio.

        «Baina tunela, 13 metroko segurtasun esparrua zeharkatzen zuen obra hura, erori egin zen irteteko dena prest zegoenean; baita, tunelarekin batera, patioko misterio guztiak ere.

        «Konkordatuko kartzela harekin nazka-nazka geundenez, den-dena haustea erabaki genuen. Koltxoiei eta altzariei su eman genien, kapera ere ez zen salbatu, eta kristalak, komunak, mahaiak, telebista eta apurtzeko zen guztia birrindu egin genuen, funtzionarioek erreakzionatu zutenerako eta makilaz hornituriko errefortzuak etorri zirenerako. Zigor gogorrak merezi izan zituen funtzionarioek eurek «El tornado» deitu zioten ekintza bandaliko hari. Milioi batzuetako isuna (gero Matesa indultuak barkatu ziguna)... eta lau hilabeteko zigor-gela. Gose grebari segituan hasiera ematea erabakita geundenez, «gainerako preso politikoekin bildu arte ala hil arte», zigorra zigor eta erdi bilakatu zen. Hil arte ez, baina azkenera arte jo genuen. Madrilgo ospitalera eraman gintuzten eta erabakirik ei zegoen beste espetxe batzuetara aldatzea, baina azken uneko Ministro Kontseilu batek sententziatu ei zuen gu berriro Zamorara itzultzea.

        «Huraxe izan zen niretzat kartzelako unerik latzena. Amaitu ziren nolabait, edo amaitu gintuzten kasik, gose greba haiek ere (nik bitartean kolorezko bisioak ikusten nituen). Igaro ziren nonbait udazkena eta negua gu zigor-geletan geundelarik. Bitartean Carrero ere hegaz egina zela enteratu ginen, hilabetera edo, behar bezala zentsuratu gabeko Correo de Zamora atzeratu batean futbol-partida haren aipamenak «se guardó un minuto de silencio por el vil asesinato del Almirante» zioelako. Atera ginen kalabozoetatik ere, agertu zen udaberriko eguzkia».