Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Gurs

 

Hilabetetsu lehenago eraikitako Barcaresko kontzentrazio barrutiaren ereduari jarraituz, 1939ko martxoan eraikitzen hasitako Gursekoa apirilaren azkenerako amaiturik dago. Hamahiru multzo edo uhartetan banatuta, ilaretan eginak daude barrakoiak, ia laurehun guztira, eta uharte bakoitzak mila eta bostehun errefuxiaturentzat lekua du eta kilometro pasako trenbidea ere badago.

        Prisioneroak iristean bizilekuak erabat amaitu gabe zeudenez horretan lan egin behar izan dute iritsi berriek heldu orduko. Internazionalista presoen barrutia inguratzen duen itxiturako hesolak harrapatzen dituzte gauez, etxolak egiteko. Euskaldunek alanbreak kendu zizkieten itxiturei, somierrak egiteko.

        Gazteak dira nagusi ia lau mila euskaldunetan, gerran ibilitakoak. Barrakoi bakoitzeko guztien artean izendatuko dute buruzagia, eta denen artean auzoko buruzagia.

        Zurezko barrakoi hauek 24 metro luze, oinean 6 metro zabal eta altueran 2 metro eta erdikoak dira, ur bitako teilatuarekin. Uharte bakoitzean hogeita hamar barrakoi daude, hirurogeina pertsonarentzat lekua dutela. Pertsona bakoitzari 2,4 metro koadroko tartea dagokio batez beste. Kirola egiteko zelai, intendentzia, erizaindegia, bisita lekua, presondegia eta guzti. Zaindarien kuartela eta administrazioa kanpoan daude.

        Ez dago argindar instalaziorik. Denborarekin kriseilu batzuk ezarri ziren etxe bakoitzean, giro ilunbista argitzeko lain ez zirenak. Leihoak ireki gabe ez zegoen ezer ikusterik barruan, argiarekin batera, ordea, hotza sartzen zen leihoetatik. Argiaren aldeko eta hotzaren aurkako iritziek talka egiten dute. Berogailuaren arazoa ikatzarekin konpondu nahi izan da 1939ko neguaz geroztik, baina zaila da egurra lortzea. Barrakoien barruan ez dago ez mahairik ez aulkirik; komunetako ohol eta zurajeak ere sua egiteko harrapatzen ditu jendeak.

        Astean bitan, ostegun eta igandeetan izaten ziren bisitak. Aurrena, sarreran baimen agiria hartu beharra zegoen, handik hiztegira joaten ziren ondoren, bisita lekura. Gerrira iristen zen oholtza baten alde banatan jarrita ikustaldiak ordu laurdenekoak izaten ziren, nahiz eta beti zertxobait luzatu.

        Internazionalistena zen Gurseko talderik dinamikoena, irakurketari, eztabaidari, eskulanei eta gainerako ariketei modurik antolatu eta serioenean emanena. 1936ko gerra zibilean 35.000 aritu ziren Errepublikaren alde. Gursen 6.000 eta 7.000 lagun bitarte egon ziren 1939ko udan, poloniarrena zen europarretan talderik handiena; latinoamerikarren artean, argentinarrena zen talde handiena; afrikarrak, asiarrak eta ozeaniarrak ere bazeuden.

        Inguruetako herrietan lan egitera ateratzeko aukera abian jartzen du Lan Ministerio frantsesak, nezkazaritzan eta gainerako lanetan aritzera, Ipar Euskal Herrian bertan horietako asko. 1939ko urrian, iraileko gerra deklarazioa eta lasterrera amaitu ziren lanera irteteko aukerak. Orduan hasi zen gaiztoagotzen zelaiaren egoera. Europako erdi eta ekialdetik iheslariak hasi ziren etortzen.