Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Izuaren haztegiak

 

Gerra azkenetan dela, eta amaitu berritan, izuen gordelekuak jendez mukuru daude. Guadalete ibaiaren ondoan, gatzaga batzuetatik oso hurbil eraikia zegoen Puerto de Santa Mariako espetxea. Han zeuden 5.400 gatibuetatik 2.000 inguru Euskal Herrikoak ziren. Hasiera-hasierako espetxeari beste eraikuntza batzuk gehitu zizkioten, 1939an iritsitako preso guztiak sartu ahal izateko.

        Presoak zazpi brigadatan banatuta zeuzkaten. Kopurua handia da, eta bakoitzarentzat leku gutxi dago, 45 zentimetro inguru. Elkarri itsatsita etzaten dira belar iharrez edo arto malutaz egindako lastairen gainean. Erraz kutsatzen dira gaixotasunak. Dena osatzeko, tximitx, zorri, arkakuso eta eulien hiriburua da hura, lastaira eta ohe estalkien zikinkeria, berriz, itzela. Ur faltagatik ezin dituzte tapaki eta jantziak garbitu. Tuberkulosia izango da kartzela honetako arazorik larriena: 43 euskal preso hil ziren aurreneko hamar hilabeteetan.

        Esku artean dugun txostenaren arabera, euskaldun haiek garrantzia handia ematen zioten erlijioari. Zuzendariari eskatu zioten sarriago jaunartu ahal izateko apaizak jartzeko, eta hasieran ezezkoa jaso arren, lortu zuten meza ematera eta aitortzak egitera apaiz batzuk sartzea azkenean. Bekatu asko, nonbait.

        Bekaturik gabe ere penitentzia doan banatzen zen bazterretan, ordea. Nonahitik heltzen dira gisako albisteak. Hona muestrarako bi: Bilboko Eskolapioen kartzelan leihora agertu zelako hil zuen kartzelero batek Juan Antonio Bilbao 1939ko apirilean; Ramon Rumaya, Urduñako abokatu kriminalista, makilakadaka hil zuten Larrinagako kartzelan.

        Martin Zubeldia Indak (Gurmensindo Lizarrako, fraide izenez) Zaragozako Torrero kartzelan entzundakoak idazten ditu, «hitzez hitz transkribatuz presoekin izaten nituen elkarrizketak». Gizonezko eta emakumeen fusilatzeak azaltzen ditu, eta tiroz hil behar zituzten emakumeei mojek haurrak besoetatik nola kentzen zizkieten: «Lehen biek (fusilatu behar zituzten emakumeak) urtebete inguruko haurrak zeuzkaten besoetan. Euren haurrak ziren. «Eta haurrekin zer egin behar dute?», galdetu nuen. Norbaitek erantzun zidan bi erlijiosori deitu zietela, haur haiek eramateko. Baina amen besoetatik haurrak kentzea ez zen hain lan erraza... garrasi urragarriak entzun nituen: «Nire alaba, ez iezadazue kendu! Neurekin eraman nahi dut beste mundura». Besteak zioen: «Ez dut nire alaba borrero hauen eskuetan utzi nahi. Hil ezazue neurekin; ene bihotzeko alaba... zer gertatuko zaizu?». Eta antzeko esaldiak. Bien bitartean borroka gogorra hasi zen: guardiak amen besoetatik haurrak indarrez kendu nahian, eta ama biak euren umeak ahal zuten moduan defendatu eta atxiki nahian...».

        Lekaimeena ez ezik, agintarien artean ziren hainbat eligizonek presoen aldera erakutsi zuten jarrera ere esanguratsua da. Adibidea Fernandez Alborrek jasoa da Castelloko kartzelan. Preso batzuek euren izaera politikoa aldarrikatu, eta mezatara joatera ez behartzeko eskatu zuten. Eskaera horri kasurik ez egiteaz gain, apaizak eta kartzeleroek zorroztasun gehiagoz behartu zituzten meza entzutera. Igande batean, apaizak belaunikatzeko seinale egin zuenean, hari jaramonik egin gabe zutik jarraitu zuten gatibu politikoek. Ostikoka eta ukabilkadaka atera zituzten handik, eta, meza amaitu zenean, kartzelako patioan fusilatu zituzten gainontzeko presoen aurrean.

        Haste beretik izua, terrorea izan zuen makulu Espainia berriak eta Eliza ofizialaren bedeinkapena ere bai. Inbentario herrendu honek ez du nondik errenditu. Nago ez ote den istil txiki bat osatzeko adina ur begirik ere egingo orri sorta honekin.