Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Batailoiak
Dekretu batek lan egiteko eskubidea eman zien preso politikoei 1937an, eta lanaren bidez zigorra murrizteko sistema arautu zuen1938ko beste batek. Preso epaituek soilik zuten bigarren aukera hori, lan egiteko eskubidea epaitu gabeko desafektoentzat zen bitartean.
Kontzentrazio eremuetatik atera ziren prisioneroen batailoiak, baina batailoien antolaketan aldeak bazeuden. Langile Batailoiak, esaterako, adin guztietako gerra prisioneroekin osatzen ziren. Hauek 1940an desegin zirenean, Soldadu Langileen Diziplina Batailoiak sortu ziren. Azken batean, 1936 eta 1941 urte arteko kintoetan, erregimenak «desafekto» izendatuentzat prestatutako soldadutza bereziak ziren.
1937 eta 1942ra artean, gutxien egon ziren urtean ia hogeita hamabost mila eta gehiena ia ehun milara iritsi ziren bortxapeko beharginok. Trabajadores sail batzuk eskola hustuetan edo etxe abandonatuetan egoten ziren, ganorazko jantzirik, surik eta behar bezalako elikagairik gabe. Gosea edo hotza, okerrena zein zen erabakitzea gaitza izango zen, baina jateko zerbaiten aldera mantak edo botak saltzen zituztenak baziren.
Faxistek eskulan merkea lortzearekin batera presoen berreziketa helburuak zituzten. Militarrei men egin behar zieten: mezatara joan, desfilatu, Franco eta Espainia berriaren aintzak abestu... Irainak eta jipoiak ohikoak izaki, asko gaixotzen ziren barruti haietan. Ospitalera eramaten zituztenak ez zirela itzultzen esaten dute. Ihes egiten saiatzen zirenak, berriz, tiroz hiltzen zituzten.
Feli Padin bilbotarrak honela du gogoan: «Gure bi kide alde egiten saiatu ziren. Mendian aterpea bilatu zuten borda batean, baina artzain kabroi batek laguntza eman zien soldaduei haien bila joateko. Eta topatu zituztenean, bordan bertan hil zituzten. Gero herrira ekarri zituzten gorpuak. Eliza eta hilerri artean formaturik jarri gintuzten, lurperatzen zituztela ongi ikusteko».
Bidankozeko batailoian gazte bat, gauean txiza egitera irten eta bertan hil zuten. Zaraitzu eta Erronkarin bi mila prisionero egon ziren lan batailoietan. Nafarroan hogeita bost bat herritan behintzat ibili ziren batailoiak trenbideak egiten, errepideak, hegazkin eremuak, ubideak, estolderiak, mendi-bideak...
Ez Nafarroan bakarrik, Sondikan, Getxon, Sestaon, Bilbon, Gernikan, Eibarren, Errenterian, Itziarren... ere erabili zituzten behartutako langileak. errepideak eta trenbideak ez ezik, meatzeetan eta tailerretan enpresentzat lan arrunta egiten ere bai. Enpresek errentan hartzen zituzten presoak: Construcciones ABC, Babcock-Wilcox eta Dirección General de Infraestructuras enpresentzat besteak beste.
Donostiako zezen plaza ere kontzentrazio eremu gisa erabiltzeko prestatu zuten gerra amaitzear zela. Francoren armada Bartzelonan sartzearekin bat errefuxiatuak milaka iritsi ziren Frantziara. Atzemandako iheslariak kanporatzen hasi zen Frantziako Polizia, Hendaiara atxilo ekarri eta Espainiako Poliziari entregatzen zizkieten. Handik Donostiako zezen plazara, kamioietan edo trenetan; 3.000 pertsona egotera iritsi ziren bertan.
Urrutitik bezala entzuten diot osaba Gabinori. Urte batzuk baditu, eta farias kaxa mordo bat erraustua da bere denboran. Donibane Lohizunera bisita egitera joaten zitzaigun aldi haietako haren figura datorkit gogora: han edo hemen eserita fariasa erretzen, puruaren kean antzinako bizipenen pasarteak irudikatuz. Eta aire ausente hura...
Bere historiaz galdetuta, Gabino Larrain izena duela dio, Nafarroan jaioa baina umetan Errenteriara etorria. Gerra hasi zenean, nola edo hala mugitu beharraz lagunartean elkarri burua berotu omen zioten. Hamasei urte zituen Casa del Pueblok antolatutako autobusean abiatu zirenean. Oriora joan zirela dio, eta batera eta bestera ibili ondoren, Bilbora jo zutela. Larrañaga batailoi komunista antolatu zen han, eta Santoña aldera gero.
Gerrako kontakizunak entzun eta bide lokaztu haiek korritu zituztenei orpoz orpo jarraitzea etsigarria egiten da batzuetan. Historiaren amaiera ezaguna delako izango da seguru asko. Baina bidea egin egin zuten. Gaur kosta egiten zait osaba Gabinoren irudi ahitua 16 urterekin imajinatzea, hala ere, argi dago noizbait izan zela 16 urteko gazte urduria. Preso hartu zutenean Miranda de Ebroko kontzentrazio zelaian izan zen. «Jende asko ginen han, denak zorriz josiak». Langileen Batailoian, lubakiak egiten jardun zuen, harria jo eta harria jo. «Goizeko seiak aldean esnatu eta tiro hotsak trintxeretan. Badakigu gureak zaretela; ez dizuegu tirako!» oihu egiten zieten errepublikarrek euren babeslekuetatik.
1941ean etxeratu zen osaba Gabino, baina ez luzarorako. Kintetara deitu zioten soldadutza egiteko eta Soldadu Langileen Diziplina Batailoietan aritu zen Sondikako aireportua-eta egiten.
Urte haietan bizi izandakotik zerbait kontatu edo idatzi dutenen testigantzak zeharkakoak dira gero eta gehiago. Zuzeneko ahotsak apaltzen doaz, urrutitik datoz orduko ahotsen oihartzun ilaunak, gero eta itzaliago, osaba Gabinorena bezala.