Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Eternitateak
Jon Zubiaurre, 20 urteko gaztea, 2001eko martxoan atxilotu zuen Ertzaintzak. «Denbora aurrera zihoan heinean haserretzen ari ziren, galdeketa bizkortzen zihoan eta buruan jotzen ninduten. Gero eta nekatuagoa nengoen eta gero eta gogorrago jotzen ninduten, galdeketan mehatxuak, irainak, ukabilkadak buruan, mespretxuak, atergabeko zartadak buruan eta hanketan, urdailean eta bizkarrean, esku irekiarekin edo ukabilarekin. Erortzen nintzenean, tximetatik tiraka jaikiarazten ninduten, buruan kasko bat ipini eta jo egiten ninduten, arrastaka eramaten ninduten kalabozora».
Jorge Olaiz, 23 urteko gaztea, Guardia Zibilak atxilotu zuen 2001eko azaroan, Iruñean. «Iruñeko kuartelera iritsi bezain bizkor hasi ziren kolpeak, soin osoan, gehienak buruan eman bazizkidaten ere, zauria egiteraino azkenean. Bi- hiru aldiz egin zidaten poltsarena, batek poltsa estutu eta beste batzuek jo egiten ninduten saihetsetan.
«Madrilera bidean tentsioa izan zen, elektrodoen mehatxuekin. Hara iritsi bezain bizkor hasi ziren zartadak, buruan denak, gomazko porra batekin. Etengabe aritu ziren, biluztera behartu ninduten arte...».
Testigantzak metatzen dira eta gaur egun ere atxilotzen dituztenen lekukotza oso antzekoak irakurtzen ditugu. Unai Romano, Iratxe Sorzabal eta beste batzuen kasu ezagunagoak hor daude.
Gazte hauek, ordea, ez dira Martxelo Otamendi edo Joan Mari Torrealdai, ez Iñaki Uria, ez... «Gazte txoroak» dira, eta gazte txoro hauek atxilotu zituztenean euren poza agertu zuten Atutxak, Josu Jon Imazek, Joseba Egibarrek, Miren Azkaratek eta gainerako daktilografoek. «Torturak?»esango dute daktilografoek; «epaileek erabaki beharko dute», «ez da demostratu torturatu dituztenik».
Torturak Abu Ghraiben demostratzen baitira, ez Indautxun edo Intxaurrondon, Arkautin edo Madrilen. Daktilografoen hitzetan, gainera, torturak salatzea, poliziak eta instituzio demokratikoak desprestigiatzeko ETAren estrategia besterik ez da.
Hemen ezkutuan egiten dira horrelakoak. Komisaldegiak eta kuartelak argitik ostendutako zuloak dira, gargolak kanpora begira daude, ez munstrotzarraren erraietara. Kartzeletako bakartze modulu eta ziega bereizietan zer gertatzen den ez du inork ikusten, bertatik igarotzen den presoak izan ezik. Komisaldegi, kuartelak, kartzelak, ongi itxita daude, guardiek eta gargolek zainduta, inor sar ez dadin, inork ez dezan ikusi barruan zer gertatzen den. Piztiak larderiaz zaintzen du bere habia, terrorearen habia, izuen gordelekua.
Joan den asteko edo herenegungo egunkarian irakur daiteke Navalcarneroko presoei 30 eguneko zigorra ezarri dietela, gaixorik dauden presoen askatasuna eskatzeko pegatinak eta kartelak erabili zituztelako, beste preso batzuk Soto del Realetik Almeriara, Malagara edo Bonxera eraman dituztela kolektiboaren borrokan parte hartu dutelako, Alcala Mecon preso bat jipoitu dutela gainerako kideengandik bereizita preso arruntekin batera egoteari uko egin diolako... Kartzela zaharrak bota edo museo bihurtu dituzte, eta berriak egiten dituzte handiagoak, isolamendu modulu isolatuagoekin.
Bat aipatzeko, Donostiako Ondarretako kartzela desagertu zela urte mordoa da. 1886-1888 urteetan eraiki zuten, eta 1949an eraitsi, Martutenek lekukoa hartu zionean. Orain Martutene ordezkatu nahi dute, berriago bat eginda. Ahoz aho iritsitako historietatik ezagutu dugu askok Ondarretakoaren ospe beltza: ziegak urez nola betetzen ziren itsasgoretan, gerran presoak nola makilatzen zituzten, nola ateratzen zituzten «paseoa» ematera... Gerra Zibileko eta gerraosteko gertakariak dira, seguru asko, kartzela horren kapitulurik beltzenak eta ezagunenak. Gu jakitera iritsi garen horrek guztiak, hala ere, izozmendiaren ageriko muturra baino ez du osatzen edozein espetxetan. Eta begia erretzeraino hisoriaren zoko-moko guztiak arakatu arren egundo ezin izango genuke jakin norainokoa zen ziega haietan egondako gizon-emakumeen izua eta oinazearen tamaina.
Igaroko dira beste ehun urte, edo berrehun, eta hauen antzeko lerroak idatziko ditu besteren batek. Jazarpen eta umiliazio gertakari berdintsuak errepikatzen dira soin eta gogo berrietan, labirintotik irten ezinean dabilen gurpil zoroa balitz bezala denbora.
1933ko martxoan Ondarretan Frantzisko Idiakez presoaren senide eta lagun batzuk bisitan joan eta hasi dira berriketan, euskaraz, eta kartzeleroa ohartu denean bisitariei pistola atera die, euskaraz hitz egitea debekatzeko.
Hartu orain hurrengoko egunkari bat eta irakurtzen dugu Huelvako espetxean preso bat zigortu dutela etxekoekin telefonoz euskaraz hitz egiteagatik. Beste egun bateko egunkari berri-berri bat iristen zaigu, 2005ekoa, eta esaten du euskal preso batzuk epaitzen ari direla Parisen. Euskaraz hitz egin nahi izan dute auzipetuek, baina epaileak ez die onartu horretarako eskubiderik, fiskalak «hizkuntzarena aldarrikapen terrorista» dela esan die.
Komunikabide guztiak euskal politikarien eta politikagintzaren Mezu Berriak ari zaizkigu ematen aspaldi honetan: aukera berriak daudela, une historikoan bizi garela, su-etenerako unea dela, presiorik gabe eta inori presarik eman gabe egin behar direla aurrerapausoak...
Gure historia bai dela historikoa ekin dio Mariok. «Ea hurrengo hauteskundeetan zer gertatzen den» esanez daramagu urte piloa, hauteskunde mordoa. Mezu Berri harrigarriekin egiten dituzte politikariek kanpainak, eta hauteskundeen ondoren boterea eta aulkiak partekatzea da euren kezka bakarra. Euren poltronak defendatzen dituzte, bost axola zaie gainerako guztia... hurrengo hauteskunde kanpainara arte.
«Politikan ez dago gauza politikan», abestu zuen bertsolari batek aspaldi samar.
Politikarien esku uzten badira herrien eta herritarren arazoak ez dira konponduko.
Zer egin liteke orduan...
Hasteko, Hego Euskal Herriko arazo politikoa aise konpon daiteke, eta oso epe laburrean seguru asko konbentzituta ari da Mario.
Horrelako zerbait esanez haizatu zuen, Ibarretxek bere plana.
Nik plan hobea daukat, eta eraginkorragoa. Erabakiak hartzeko eskumena politikariek dutenez eta hori aldatzeak luze joko lukeenez, Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetako parlamentari guztiak kartzelan sartu behar lirateke, euren aholkulari eta enparauekin. Denak modulu baten, geu gauden honetantxe adibidez. Eta atea itxi.
Atea soldeatzea izango da onena, badaezpada.
Eta atea itxi ondoren esango nieke: «Aizue, lasai hartu, elkarri presarik eman gabe, eta arazo hau konpontzen duzuenean irekiko dizuegu atea».
Kontxo, Ibarretxerena baino plan hobea da hori, eta eraginkorragoa litzatekeela onartuko luke berak ere.
Halako plan eta burutazioak egiten ditugu patioan hara eta hona gabiltzan bitartean, denborak, denboraren errotarriak bere alea xehatzen duen bitartean. Antzeko burutazioak egingo zituzten agian euskal preso politikoek duela 30 urte, edo duela 60 urte, edo...
Denborari buruzko gogoetak bidaltzen dizkit Xabier Amurizak eskutitzez: «Hemen denborak bizkor korritzen dik, hor sarritan irudituko zaizue haitza baino geldiago dagoela baina...» dio, eta denbora psikologikoa batzuetan amaiezina dela, eternitatea dela, esaten du. Xabier bera kartzelan zegoenean gazte samarrak ginen gu, eta kaleratu zela jakin genuenean, ikaragarria, eternitate eternoa iruditzen zitzaigun bai berak eta bai sasoi hartako beste hainbatek egin zuten kartzela denbora. Eta izan ere halaxe zen.
Gaur egun giltzapean dauden preso batzuen kartzelaldia da 1936-39ko gerraz geroztik kartzelaldi luzeena. Gatzak hogeita bost urte pasa darama preso, eta beste mordoxka batek hogei urtetik gora. Eternitate eternoa alegia, eternitate asko. Gatza espetxeratu zutenean jaio ziren haietako batzuk, urteak daramatzate kartzelan. Eternitate bat! «Ama euskaldun eta abertzale bat dagoen bitartean izango da borroka honetan jarraituko duen norbait», entzun izan diot inoiz Jesus Mari Zabarte Garratz-i.
Ez dakit denborak jota pasa egiten gaituen halako batean, edo geu alboratzen garen denboraren karriletik, edo... Memoriaren arrastoa geratzen zaigu, eta arrasto horretan sumatzen ditugu aurretik igaro direnen itzalak: Mario Salegi, Kepa Ordoki, Telesforo Monzon, Lauaxeta, Txikia, Argala, Txomin eta beste hainbat eta hainbaten itzalak, euren eternitateekin gure denbora hau eman digutenak.