Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Landetako pinadoietan

 

Aurreko bisitan arrebak esan zidan, denda batean sartu zela idazmakinen katalogo eske. Ea zein mundutan bizi zen galdetu omen zion dendariak harri-burdin eginda, idazmakinarik inork ez duela eskatzen orain. Eta horixe izango da, kontuetako bat, zein mundutan bizi garen hain zuzen. Idazmakinarena adibide polita da leku hauetako logika ulergaitza adierazteko. Pentsatzekoa da lehen ere antzera izango zirela kartzeletako eta kaleko munduen arteko ezin ulertuzko hegiak.

        Mariori esan diot hobe dugula lehenbailehen frantsesen kontzentrazio barrutiei buruzko atalei ekitea. Datu eta fotokopia batzuk lortu ditugu, baina frantsesez ia dena. Konponduta gaude, beraz.

        La Moralejako babel honetan herrialde askotako jendea gaude, hizkuntza mordoa hitz egiten da, eta ikasi ere egin litezke horretara jarriz gero. Baina zerbaiten falta sumatu arte pentsatu ere ez dugu egiten haren beharrik izan dezakegunik. Hots, gure frantsesa ez denez oso airosoa, interpreteren bat edo beste beharko dugula etsi dugu. Onena kontratatzeko aukera daukagu gauden ostatuan.

        Gerrako kontuak errezel gisako tabu baten ostean ezkutatu edo isilarazi ziren Euskal Herrian luzaroan. Etxetik asko urrundu gabe ikusi ditugu gaztetatik, faxisten gatibuek egindako lanak. Ez genekien haiek egindakoak zirenik, ageriko sinadura eta aitorpen handirik gabe segitzen baitute orduko hamaika bide eta eraikinek. Garaituen historia lausoan galtzea da garaileen helburuetako bat.

        Frantzian ere izan ziren kontzentrazio zelaiak. Fronte Popularra gobernura iritsi eta gutxira ikusi zuen iheslari oldea iristen zitzaiola Espainiako partetik.

        Landetako pinadoietan izenburuarekin idazten du Euzko Deya-n L.M. sinatzen duen artikulugileak:

        «Espaina-ko gerla hontan Euskaldunek egin dutenen historia nehork izkribatzen baldin badu, beharko du zerbait erran Euskal Herritik ihes egin duten jendeek atzerrietan eman duten bizi-moduez. Frantzia alderat etorriak diren gizonetarik gehienak, gizon heldu edo nagusituak dira. Atzerritarrendako, beraz, lanik zail, urri eta izerditsuenak baizik ez dira gelditzen.

        «Landetako pinadoiak. Leguak eta leguak luze eta zabal dituzten pinu-landa bukatze-gabeak. Landa horietan lanean ari direnek ez baitute, ez han eta ez hurbilean ere, ez etxerik ez ganorazko estalperik, lana bukatuta ere, geldi-orenetan ere, ez dute aukerarik atsegin poxiño baten bederen gozatzeko.

        «Otordu eta apairuak, ahal bezala berek egin eta berek jan. Arratsean lo egiteko aterbetzat, olezko txabola zatar batzuk baino ez dituzte.

        «Horixe duzue, egun, gerlari ihesi etorriak diren euskaldun anitzen lantegia eta han duten bizimodua».

        Iñaki Eizmendi Basarri bertsolariak ere lan haietan jardun izan zuen, eta orduko kontuak ekarri zituen kantura. 1937an idatzi zituen Landesko pinu artean bertsoetatik bat hartu diogu:

 

                Halabeharrez sartu ginen behin

                Landesko pinu artera

                eguneroko ogi xuria

                irabaziaz jatera.

                Hogei euskaldun bagara baina

                hau da guztion galdera:

                nire famili edo sendia

                zer egina ote da?

                Gorputzez hemen bagaude ere

                gu beti han bizi gera.

 

        Lanerako esku merkea ongi etorria zen Fronte Popularraren Frantzia abegikorrean ere. Kontzentrazio barrutietako gorabeheren bila Euzko Deya-n jarraitu dugu orriak arakatzen.

        Elkartasun benetakoa izenburuarekin idazten du bere lehen artikulua Gesalibar goitizena erabiliz Ander Garatek: «Euzkotarrak biltzen ari dira. Han eta hemen zabalduta, herrikatuta, euzkotar guzti-guztiak elkartu nahian dabiltza... Niretzat galdetu dut sarri: gure elkartasun hau berandu samarra ez ote da? Ez, ez horixe. Elkartasun honek esan nahi baitu Aberriaren deia heldu dela euzkotar denen barrenera; oraindio garaia da; hobeto; behin baino garai hobea da. Behin baino sail handiagoak ageri dira lanerako. Aberri berria egin behar da. Guretzat, ordea. Geure Aberrian geu izan gaitezela inongo erbestetarren aginpide gabe: geure familiekin, geure zaletasunekin, geure erlijioarekin, geure lanbideekin. Ez da asko eskatzea; geure askatasuna. Gizonek bezala, herriak behar duten askatasuna...».

        Gaurko prentsaurreko batean irakurtzeko idatziak dirudite... Orrialde batzuk aurrerago, Gesalibarren beste artikulu bat aurkitu dut, luzexeagoa hau, Nola bizi diren euzkotarrak Frantzia aldean (Argeles-ko Gernika-Berri, Euzko-Zelaian idatzia) goiburua darama.

        «Euskaldunak Frantzia bidean.— Badaramate hilabete eta gehiago milaka euskaldunek Frantziako lurretan. Euzkadi geure Aberri agurgarria, galdu zenetik, hemen bilatu dute gehienek —ez denek esateagatik— beren ostatua. Urte t'erdi luzeak igaro dira lehenbizikoak heldu zirela itxasoz eta ahal zuten bezala, arerioen ihesi. Berehala gehienak Kataluniarantz atera ziren».

        Hainbeste anai-arreba galdu izanaren eta bihotz zatiak urruti izatearen minak aipatzen ditu Gesalibarrek. Dena atzean utzi eta ihesean Frantziarantz jo zuten haien irudia ere bai: «burua makur zekarten».

        «Uste genuen gure gudako zintzotasuna ordaindua izango zela behar zen bezala... baina neurri zorrotzak atera ziren gure bidera» dio, eta ardi galduak legez erabiltzen zituztela hara eta hona, euren poltsak bizkarrean, Argelesen batu zituzten arte. «Goian izarrak, behean hondarra, inguruan izotza txuri, eta bihotzean... ze korapiloa. Benetan negargarriak lehenbiziko egun haiek. Zer egin?».

        Argelesko barrutian euskaldunak elkartu eta beraientzat txoko bat atontzen aritu ziren, Telesforo Monzonen laguntzarekin. Txabolak egin eta «hiri txiki bat jaso» zuten itsasertz hartan. Ekialdeko Pirinioetako mendien oinpean zegoen Argelesko hondartza eta kontzentrazio barruti hori.

        «Goizetan jaikitzen gara zazpietan, garbitu eta gosaltzera. Ondoren bakoitza bere zereginetara: arotz lanetara, garbitasunera, zelai konpontzen, idazten... Hiri polit honetako alkate jaun bezala geure gudalburu adiskide jator bat daukagu, Soler izenekoa, eta nafarra. Bazkari aurretik egunero ikusten gaituzte Monzon jaunak eta bere ordezkari Luisa jaunak. Egun hauetan jaun horien hasieraz elkartzen ari dira kirolzaleak, gehienez ere ostikolariak. Baita orfeoi bat ere gertatzen ari gara eta laster helduko zaigu eskatu ditugun abesti batzuk. Laster baztertxo hau, lehen horren hotza, horren errugabea, Aberriko berotasunarekin epelduko da, gure abeslarien abesti kutunekin alaituko da».

        Gerra galdu eta erbestean era hartan pilatuta euskotarren arteko elkartasun ezak etxekoei eragindako kaltea eta etsaiari eskainitako etekina aipatzen ditu. «Eta, ze igali ugaria bildu zuten! Nora begira egon ginen euzkotarrok? Gaur huts egite haien aurka ari diren euskaldun hauek, nola orduan elkartu ziren gure jatorkizunen arerio haiekin?».

        Argelesko barrutian 2.000 euskaldun daudela esaten du Gesalibarrek, eta Frantzia osoan 4.000-5.000 bitartean. Etxekoen berri jakin nahi zutenek kontzentrazio zelai berean egonik ere, ez zuten erraza nahi zen harekin topo egitea edo han zegoen jakitea.

        Alanbrez inguratua zeukaten hondartzako barrutia, eta bozgorailuz ematen zizkieten bisitetarako deiak eta bestelako aginduak. Kontzentrazio barrutia erdiz erdi zeharkatzen zuen argi ilarak, «hiri handietan bezala». Bazter batean azoka edo feria modukoa egiten zen arratsaldeetan. «Ziri ederrak sartzen dizkiote han argi ez dabilenari! Baita karro zahar ugari ere han eta hemen, mando, asto, zaldi eta guztiekin etorriak. Beren etxeetan bezala bizi dira, zakurra atean lotuta».

        Azkenean iritsi zen Argeles-sur-Mer-i agur egiteko ordua ere. Bere latzean zerbait kuttuna ere izango zuen itsasertz hark... Ihesean joandako euskal herritarrak bertan elkartu izana, itsasoak inoiz eragiten duen barne olatua, eta geroak zekarkeenaren zalantza eta kezka agian.

        «Agur Argelesko itsas bazterrak! Agur, gure aberri egarriaren azken edantoki gazia; gure oinaze ameskorren ohe hotza; gure gomutasun xamur-xamurren negartokia; gure isileko malko goxoak bildu dituen zapi zoriona».