Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Isiltasuna zubi
1975eko apiril hondarrean, hiru hilabetez iraun zuen salbuespen egoera ezarri zuten Bizkaian eta Gipuzkoan. Jende askori gogoan iltzatuta geratu zitzaion maiatz hartako zortzigarrena, Bilboko Vista Alegreko zezen plaza 400 arrestatu ingururentzat gau bateko ostatu izan baitzen. Hogeita hamar urte geroago 700 bat preso politiko gaude, ez 7 edo 107, 700 baizik, eta zezen plazei betekada ederra emateko moduko sarekadak egiten dituzte orain ere.
Gutxi izango dira abertzaleren bat komisaldegian ez dagoen egunak; gutxi izango dira Madrilgo Auzitegi Nazionalean euskaldunen bat epaitzen ez duten egunak, eta 1936-39ko gerra tribunalek kondenaturiko haiek ere ez zuten bete gaurko hainbat euskal presok adinako kartzelaldi luzerik.
Natorren baina frankismoaren hondar hilabeteen harira. Tasio Erkizia atxilotu eta bi egunera ospitalera eraman zuten. Soin osoa kolpatuta eta beste hainbat erasan izateaz gain, burezurra pitzatu zioten. Hiru hilabetez egon zen ospitalean, Poliziak zainduta. Beste batzuei ere egin zizkieten erasanak kasernetako zauritegietan.
Hipolito Bustinza Artabe, 69 urteko gernikarra, maiatzaren 14an detenitu eta bi egunez eduki zuten kuartelean, ondoren kartzelatuz: «Belaunetik odola zeriola baserrira hurbildu zen mutil bati zauria sendatzen lagundu nion, gizatasun arrazoi soilengatik. Berehala iritsi ziren berrehundik gora guardia zibil, mutila armarik gabe zegoen eta ez zuen tirorik egin, baina tiroka hil zuten bertan (Jesus Mari Markiegi Mutriku zen laguntza eske joandako gaztea). Nik ez nekien ez mutila ETAkoa zenik, ez Gernikan zer gertatu zen. Auzoko 51 urteko emakume alarguna, 47 urteko koinata, bere senar Balentin Intxausti eta neu eraman gintuzten Gernikako Guardia Zibilaren kuartelera. Inolako azalpenik gabe hasi zitzaizkigun tratu txarrean; baserriko guztiok garbitu behar gintuztela esanez lehenengo, eta ostiko eta ukabilkadaka gero. Sabelera eta saihetsetara destatuz ipini zizkidaten pistola eta fusilak, ziztatuz eta tiro egin eta hilko nindutela mehatxatuz. Epailearen aurrean ez nuen aipatu nahi izan tratu txarrik, ordurako pasata zeudelako jipoiak eta ez nekielako salatzeak onerako edo txarrerako balio zezakeen. Basauriko kartzelara iristean radiografiak egin zizkidaten, bi saihets hezur hautsita nituen».
Urte erdi bat lehenago, 1974ko azaroan, Anjel Otaegi atxilotu zuten Azpeitian, eta 1975eko urtarrilean Juan Paredes Manot Txiki Bartzelonan. Ondorengo hilabeteetan, Txiki eta Otaegiren epaiketa eta heriotza zigorra kari, mobilizazio handiak izan ziren.
Kaleko protestekin bat egiteko, gose grebari ekin zioten 350 presok 1975eko abuztuan eta berrogei eguneko bakartzearekin zigortu zituzten. Irailean jo zuen goiena presoen egoerak, Txiki eta Otaegiren fusilaketarekin.
Egun haien akordu nahiko garbia daukadala esaten diot Mariori.
Inoiz imajinatu al duzu zer izan behar duen fusilaketaren zain bere ziegan dagoen presoaren egoerak? galdetu dit.
Txiki eta Otaegiren azken orduez idatzi izan dute batzuek.
Baina bizi izan ez duenak, nola imajinatu behar du egoera hori? Apustu haien azken gauaz idatzi duten horiek egundo ez direla egon kartzelan, egundo ez direla egon zigor ziega batean...
Erroitz ikaragarri batetik jauzi egitea edo leize zulo hondogabe batera erortzea legez imajinatu izan dut inoiz heriotza, baina ez diot esan Mariori. Txikiren poema hura gogoratu dut:
Mañana cuando yo muera
no me vengáis a llorar
nunca estaré bajo tierra
soy viento de libertad
Eta Txikirenak Lauaxetaren Azken Oyua dakar tiraka:
Goiz eder onetan erail bear nabe
txindor baten txintak gozotan naukela?
El naiten leyora begiok intz gabe.
(...)
Zuzentzaren maitez bil diran semeekin
ixuri daidala bizitz-iturria.
Lurra estal bedi odol-larrosakin!
Gozo eta eder gizonen kopetan
aberri-opazko eriotz mosuak!
Zauritu orreik zut, orra mendietan
aintzak zabal ditu esku argituak
ortxe jausi nedin!
Eta azken orduan
laztandu naiela arnasa estuan
garaitz-abar billa doazen (t) zaldiak.
(...)
Txikik beretzat hartu zuen Cheren poema hori eta Lauaxetak idatzitakoa oso antzeko aldarteen biltzaile direla iruditzen zaio Mariori.
Oso kideko konzeptuak sumatzen dut «Mañana cuando yo muera/no me vengáis a llorar» eta «Goiz eder onetan erail bear nabe /... / El naiten leyora begiok intz-gabe» horietan... Ez al duzu ikusten ?
Eta neure aletxoa uztartu nahi izan diot Mariorenari:
«Nunca estaré bajo tierra / soy viento de libertad» hori eta «Eta azken orduan / laztandu naiela arnasa estuan /garaitz abar bila doazen (t) zaldiak» hau, antzeko oldar baten sorkari ematen dute biek.
Lauaxetak Aberria eta Jainkoa zituen bihotz-gogoetan, Txikik ere Aberria zuen gogo-mamietan, eta Jainkoaren ordez Utopia, Ideala. Bazen zubi bat bien artean. Egoera horretan Herioren aurrez aurre jartzen direnek izan behar dute buruargitasun larri bat. Nola idatzi bestela Lauaxetak idatzi zuen poema hori? Eta Cheren poema hori, nola aukeratu azken orduan?
Baina Heriori begira Lauaxetarena bezalako poema idaztea edo Cheren hura aukeratzea zaila izan behar badu, pentsa liteke ez dela errazagoa izango isilik geratzea, sekula gehiago ezer esateko aukerarik ez duzula izango jakinda. Isilik geratzea ez baita ezer esan gabe geratzea. Isiltasunak asko esan nahi du batzuetan, dena esan nahi du beharbada.
Txiki eta Lauaxetaren artean badago 40 urteko denbora tartea zubi labur bihurtzen duen dimentsio bat, bien espirituek elkarri aurrez aurre begiratu eta bat egiten duten trantze bat. Otaegi izan zitekeen dimentsio horretan bien bitartekari, horrexegatik geratuko zen akaso isilik, «esan zuek» esanez bezala.