Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Hodeiertzen argazkiak

 

Espetxeetako historia zer izan den, presoen erresistentzia eta borroka txiki eta handien kontaduria noraino iristen den... hori guztia bizi izan dutenen memoriak jaso dezake soilik, eta ez 1986tik kartzelan dagoen kontalari batek.

        Presoen eta presoon historiaz gain, urte luzetan gure aterpe eta zaindari diren senide eta lagunen historia dago, eta haien erresistentzia eta borroka etengabearen historia hori ere, denborak eta ahanzturak galdu baino lehen, idatzi behar luke norbaitek.

        1987ko urtarrilean hasi ziren presoak Herreratik atera eta sakabanatzen. Ordurako bageneukan halako zerbaiten susmoa. Goizean goiz, kundan zihoazela eta euren gauzak prestatzeko agindu zietenean, uko egin zioten hamabi euskal presoek. Tatarrazka eta indarrean atera zituzten ziegetatik eta Guardia Zibilaren furgoietan sartuta eraman zituzten lehen talde hartakoak Ocaña, Huesca eta Zaragozako kartzeletara. Hurrengo egunean beste lau preso atera zituzten Herreratik, Almeriara.

        Kondukzio hauengatik protesta egiteko ateak jo zituzten Herrerako presoek, eta zigorra ezarri zieten. Beste kartzeletara iritsi ahala gose grebari ekin zioten... «Estatu kontua da sakabanaketa, eta euskal presoen arteko bakartze handiago bat lortu nahi zen horrekin», esan zuen 1987ko otsailean Alcala Mecoko zuzendariak.

        Sakabanaketaren bultzaldi berri honetarako, ezinbestekoak eta laguntzaile paregabeak gertatu ziren hainbat burukide jeltzale eta euskadiko ezkerrero, eta, nola ez! aholkulari berezi bat ipini zuen EAJk Espetxe Instituzioetako Zuzendaritza Nagusiaren esanetara. Inork ezin zezakeen egin lan hori EAJk baino hobeto, eta EAJk berak zeukan inork baino interes gehiago sakabanaketa bururaino eramateko. Sakabanatuta, bakardadeak ematen duen zera horrekin, askatasun handiagoz ikusi ahal izango zuen euskal preso basatiak espainiar demokraziak eskaintzen zion sinesmen berriaren gozoa. Edo zigorraren latza jasan beharko zuen bestela. Hori zen filosofia.

        «Sakabanaketarekin, presoak ez dira engoitik lehengoak, asko ahuldu dira. Emaitza onak ari dira ikusten; oso eraginkorra izan da ekimena», EAJko politikari baten adierazpena da, Eva Forestek Dispersión liburuaren hitzaurrean jasotzen duenez. «Emaitza onak». Santoñan Euskal Gudaroste osoa saldu zutenekoa ere emaitza ona izango zen, Derioko hilerriaren hormak dituen tiro zuloak lekuko, Ajuriagerrak saldutako gudarien bularrak zeharkatu zituzten balek egindakoak, 1987a baino doi-doi 50 urte lehenagokoak... «Emaitza onak» dudarik gabe denak.

        Geratu ezinezko jarioan jarraitu zuen 1987ko urtarrilean hasitako sakabanaketa hark, eta, saio berri harekin paretsu, presoen gose greba, itxialdi eta bestelako protestak.

        Araketa zorrotzak ere egin zituzten urte hartako azken hilabeteetan Alcalan, Huescan-eta. Alcalan, gainera, Polizia Nazionala sartu zen uztailean, inolako arrazoirik gabe kide bat isolamendura eraman zutelako presoek egindako protesta baten ondoren. Gauean, polizia sartzear zela, ate automatikoa trankatu zuten presoek, modulura sarrera zailduz. Halako batean, atea libratu eta ke poteak jaurtikiz, porrekin zartadaka sartu ziren.

        Alcalako hori, nik parte hartzen nuen hirugarren plantea izango zen, laugarrena agian, aurrekoak Herreran egin genituen. Gogoratzen dut lehen plante hura. 1986ko martxoa zen, Herrerako isolamenduan zegoen kide bat jo egin zuten kartzeleroek, eta gauean ziegetara joateko orduan egin genuen plantea, isolamentuan zegoen kidea modulura itzuli arte ziegetara ez ginela igoko esanez.

        Laster alde egin zuten zentrora moduluetan egoten ziren kartzeleroek, eta geu geratu ginen modulu osoaren jaun eta jabe, ate guztiak zabalik genituela. Moduluetako teilatuen gainetik patio batetik bestera pilak jaurtikiz jakiten genuen edozein momentutan modulu bakoitzeko berri. Gogoratzen dut Herrerara iritsi berritan zelako harridura eta mirespena eragiten zidan pilen kontu honek. Moduluren batean arazo edo berri bereziren bat zegoenean, pila normal bati ohar edo idatzi bat lotu eta jaurtiki egiten zenuen nahi zenuen modulura. Baina debateren batean-edo genbiltzanean asko izaten ziren beste moduluetara bidali beharreko pilak. Orduan, beste moduluetatik zetorren pila zaparrada hura eta guretik bidaltzen genituenak ikustean, txundituta geratzen nintzen. Gauza xumea da, badakit, baina niretzat harrigarria zen orduan.

        Lehen plantea egin genuen gau hartan horrelaxe koordinatu ginen lau moduluon artean. Zuzendaritzak hasieran ez zuen gure eskaerari amore emateko asmorik, eta jarrera aldatu eta ziegetara joateko agintzen zigun. Orduak eta gaua aurrera joan ahala gauzek beste itxura bat hartu zuten ordea, guk geureari eutsi genion, eta zuzendaritzak konponbideren bat bilatzeari ekin zion. Presoen ordezkaritzarekin hitz egiten hasi zen.

        Herreran Guardia Zibila egoten zen zentroan, eta moduluko atetik ikusten genituen nola zeuden prestatuta, kasko, porra eta adorno guztiekin. Haiek noiz sartuko geunden. Baina orduak igaro ziren, eta ez ziren sartu. Eguna argitu zuen, eta konpondu zuten arazoa. Azkenean gosaria ekarri zuten, ohiko orduan, eta gosaldu ondoren igo ginen ziegetara. Hamalau eguneko zigorra sartu ziguten, baina bi hamalaukok ere nekez kenduko zigun helburua lortu izanaren poza. Oso gogoan ditut egun haiek beste arrazoi batengatik ere. Hamalau eguneko zigor hura ordaintzen geundela jaio baitzen gure seme Hodeiertz. Larunbat goizean bisitarako prestatuta nengoela, ziegara eraman zizkidaten senideek ekarritako paketea eta egunak lehenago iritsi beharreko telegrama. Telegrama irakurri ondoren hasi naiz pakete hori miatzen, eta argazkiak! Seme jaioberriaren argazkiak!