Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Martin Agirreren gutunetik

 

Martin Agirrek idatzi dit eta urte askotako ibilerak beste ikusmira baten bristada argiz marraztu dizkit memoriaren arbelean:

«Gazte ginen 80ko hasieran, Frankismoaren azken arnasak ezagutu genituen, baina gehien bat gurasoek bizi izandakotik entzun eta ikasitakoak ginen. Franco hil ondoren emandako amnistiaz gozatu genuen. Hura zen kale-giroa, haiek mobilizazioak presoak kalera eta errefuxiatuak etxera etorri zirenekoak. Baina antolatu ziguten autonomi estatutuak gure arazoa konponduko ez zigula uste genuenak asko ginen, eta era batera edo bestera borrokan segitzeko joera nabarmena zen. Gogoan dut Herri Batasuna sortu zen garaia: elkarteak ireki, inor preso hartzen zutenean berehalako erantzunak, greba orokorrak...

        «Artean koadrilakide eta gerora koinatu izango nuen Joxean Kortadi laguna atxilotu zuten 1982an. Gertaera hark, bai senitartekoak eta bai inguruan genbiltzan batzuk markatu egin gintuen ezinbestean. Hasieran Carabanchel eta ondoren Alcala de Henares eta Herrera de la Manchako espetxeak ezagutu genituen. Autobusak bete-beterik, egundoko giroa eta indarra, eta Herrerako Martxak. Ahaztu ezinak zaizkit han, Ciudad Realen, espetxe kanpoaldean ehundik gora autobus ilaran, presoei elkartasuna adierazteko Euskal Herritik hara milaka lagun eraman zituzten autobusak. Guardia Zibilari aurre egiteko moduko jende uholdea zen indarrez, kantitatez eta kalitatez.

        «Asteburu guztiak bisitekin loturik zeuden. Hasierako bisitetan, irteeran egundoko inpotentzia sentitzen zenuen, haserre izugarria, baina bisitetara joaten ziren lagunekin amankomunean gainditzen zenuen hori guztia. Asko baikinen asteburuetan bisitetarako biltzen ginenak. Preso asko, senide eta lagun gehiago.

        «Halako batean, kolektiboa desegin behar zela erabaki zuten, eta presoak hainbat kartzelatan sakabanatzeari ekin zioten. PSOE eta PP ziren aitzindari, baina ezin da ahantzi —eta ez da komeni ahaztea— EAJkoak laguntzaile izan zituztela lan zikin horretan.

        «Ezin gogoratuko nituzke dispertsioa hasi zenetik Joxeanek ezagutu zituen kartzela guztiak, eta ondorioz guk derrigorrez egin behar izan genuen espetxe bideetako turismo iberikoa. Galizia kenduta, zezen narru osoa korrituta nago. Jaen, Badajoz (hemen hilzorirainoko gose greba egin zuen), Salto del Negro, Valencia, Langraitz ere bai, eta azken bolada Puerton. Hantxe amaitu zuen 22 urteko kartzelaldia.

        «Berdin zen non zegoen, nola edo norekin joan behar genuen. Autobusa zenean autobusez, itsasoz (Mallorcara) edo hegazkinez (Saltora). Pertsonari jana, barrukoari bisita, esan zidan behin preso batek eta, hori jarraituz, edozein egoeratan presoak ahalik eta bisita gehien izan dezan ahalegindu gara».