Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Zikoina mozkortua
«Gregorio Marañonetik Carabanchel ospitalera eraman ninduten eta hilabete pasa egin nuen ohetik jaikitzeko gauza ez nintzela. Zunda, suero eta halako zerekin nengoen. Ez nintzen ezertarako gauza, eta Carabanchelgo ospitaletik kartzelara aulki gurpildun batean eraman ninduten. Komisaldegian egin zizkidatenak egin ondoren, ospitaletik kartzelara eramateko nire bila zetozen bost-sei txapeloker ikusi nituenean, ostera komisaldegian nintzela iruditu zitzaidan, berriro infernu hartan...
«Lehen traslado hartan ez nuen aparteko gorabeherarik izan. Hirugarren galeriara eraman ninduten. Aulki gurpilduna kendu eta bi makulu utzi zizkidaten. Nire arropa piltzarrak galeria sarreran laga, eta patiora bidali ninduten. Bi makuluei ahal nuen bezain gogorren eutsiz, patioko atearen ondoan paretaren kontra geratu nintzela gogoratzen dut. Indarrak erabat ahituta nengoen, besoek dardara egiten zidaten neure gorputzari makuluen gainean eutsi ezinik. Inguruan aplikatu zitzaidan preso bati galdetu nion:
« Euskaldunik ba al da hemen?
« Haiexek dira euskaldunak, politikoak.
«Hiru-lau laguneko taldetxo hartara joateko ez nintzen gauza. Begira geratu nintzaien nengoen lekutik. Patioaren alde batetik bestera paseatzen zebiltzan joan-etorri bizkorrean. Zergatik dabiltza horrela, joaten diren bidean itzuliz? Nora joan nahi dute horrela ibiliz?, galdetzen nion neure buruari. Psikiatrikoren baten sartu nindutela pentsatu nuen. Harri eta zur geratu nintzen.
«Halako batean beste preso bati esan nion euskaldunei deitzeko mesedez. Eta horrela hurbildu zitzaizkidan. Asier Kintana, Makala, Eladio eta Xabier andoaindarra zirelakoan nago. Xabier egun hartan kaleratu zela gogoratu uste dut, eta Asierren urtebetetze eguna zela, gainera. Nire planta ikusita, barre egiten zuen Asierrek.
« Zikoina mozkortua dirudik esan zidan, makuluen gainean neure soinari zutik eutsi ezinik».
Mariok bere lehen kartzela egunaren oroimenari kendutako txatal sorta da.