Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
Aurkibidea
Errotarria
(1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria)
Sartuko zara eta ez zara irtengo
Le martyre d'un peuple civique
Carabanchel 1983 / Herrera 1984
«Mono» esaten diote
Paperaren aurrean eseri eta zerbait idazteko edo oharrak hartzen aritzeko gogoa ez da egunero izaten borborka. Ezta berriketan aritzeko ere. Baina batzuetan ustekabean eta gogorik gutxien dagoenean sortzen dira aukerak.
Orain hurrengoan preso batek aipatu zizkionak kontatzen ari zait Mario.
Banekiela ba nik oker ez nebilela, banekiela ba!bota diot amaitu duenean.
Bazenekiela zer?
Batzuetan funtzionatzen dizula lepagaineko gazta handi horrek!
Mono esaten dioten palentziarra da delako presoa, justu atzo bertan kefir zatia eskatu zidana, eta berarengana joan gara, aurrekoan Mariori esandakoak errepikatzeko eskatuz.
Hamasei urterekin atxilotu zuten lehen aldiz, geroztik ezagutu dituen kartzelak izendatzen ditu. 1981ean Burgosko penalera eraman zuten, eta sotanoan, lurraren paretik behera zeuden brigadetan sartu.
«Harrituta geratu nintzen brigadara sartu nintzenean. Burezurrak, gizakien burezurrak zeuzkaten batzuek argimutil moduan, kandelak ipinita dio gure palentziarrak. Matxe paperarekin edo ogi mamiarekin eginak izango zirela pentsatu nuen aurrena, baina ez, benetako burezurrak ziren.
«Ihes egiteko asmotan zuloa egin zuten presoren batzuek brigada haietatik, eta gerraostean edo kartzelan hil eta bertan lurperatukoen hezurrekin topo egin zuten.
«Bazegoen katalan bat, Madrilgo Gorteetako diputatu bat ezaguna edo laguna zuena, eta hezurren kontua diputatu horri salatzea proposatzen zuen. Baina anarkoek ez zuten nahi, han bertatik egiteko antolatua zegoen ihesa zapuztuko zelako hori eginez gero. Diputatuari esan egin zioten hala ere hezur haiena. Egun gutxiren buruan atera gintuzten denok lurpeko brigada eta galeria haietatik, eta dena zementuz estali zuten; bai brigada, bai zulo eta bai hezur. Dena estali zuten».
Gero eta konbentzituago nago asmakizuna baino puska bat urrutiago doala beti errealitatea. Monoren historia, errealitatea izateaz gain, trantsizioaren metafora polita ere bada. Isildu eta desagertarazi nahi den iragana porlanez estali, eta fini!
Hasian hasi, isiltzeko asmorik ez dauka Monok. Denok izaten dugu geure historia predikatu beharra, eta honek ere horixe. Lehengo presoen eta oraingoen artean zer ezberdintasun nabaritzen duen galdetu dio Mariok.
«Hara, lehen kartzelara sartzen zinenean, zer behar zenuen galdetzen zizuten presoek; orain ea zer daukazun galdetzen dizute, daukazuna kentzeko».
Palentziako kartzela zaharrean ere egona da. Kartzela zahar hartako ilepaindegian ba omen zen burdinazko besaulki bat, eskuak lotzeko besaleku eta guzti.
«Besaulki altu samarra zen, grisez pintatua. Garrotea zen, bere garaian jendea hiltzeko erabiltzen zutena, eta gure garaian ile-apaindegiko eserleku bihurtu zuten».
Gaurkoan behintzat Mariori eta Monori zor diet nagiak atera eta zerbait idazteko poza aurkitu izana. Zerbaitek ekarri gaitu elkarren ondora.