Alde erantzira nabil
Alde erantzira nabil
2016, poesia
112 orrialde
978-84-92468-81-2
azala: Itziar Moreno Martinez
Ekhine Eizagirre
1984, Zarautz
 
 

 

UMORE BELTZA

 

 

Gupida diogu

hormez haraindiko munduari:

lan bila dabilen laguna,

lanerako bizi den bestea,

umeak artatzeko astirik ez duen emakumea.

 

Pozten gaitu

lanik egin behar ez izateak,

idazteko denbora izateak,

ama ez izateak,

aspertzeko astia topatzeak.

 

Harrotzen gara

tonaka pena pilatzen den urtegian

irauten dugulako ur azalean.

Harritzen gara

penaz ito beharrean diren hainbesteren gogoak

gora jasotzeko dugun kemenaz.

 

Antzerki hutsa da hau guztia:

umore beltza,

ironia iraultzailea,

sistemarekiko satira.

Kristauek nahi luketen bezala

geure buruez gupida ez gaitezen

—leziorik ez, eskerrik asko—

zuen zibilizazioaz trufatzen gara.

Ez dugu maite gupida, pena eta erruen bazka.