Alde erantzira nabil
Alde erantzira nabil
2016, poesia
112 orrialde
978-84-92468-81-2
azala: Itziar Moreno Martinez
Ekhine Eizagirre
1984, Zarautz
 
 

 

SOKASALTOAN

 

 

Kariokak etxean

geratu ziren

egun hartan.

 

Kulero gabe

geratu nintzen

egun hartan.

 

Ipurdiko goxo batez

gero arte esanda

agurtu genuen elkar.

 

Egun hartan berriz ere

gainean generaman

gure ondasun urria.

 

Ondasunez hustuta

baina itxaropenez gainezka

berrekin genion bideari

 

garrantzitsuena bizkarrean hartuta:

borrokarako grina, umorea,

indarra, oroitzapen goxoak.

 

Muxu bat,

ipurdiko bat

eta gero arte.

 

Geroak bidean

guretzat denbora tartetxo bat

eskainiko digun konfiantzaz,

 

hemendik gutxi barru

egutegiko lauki baten hutsunea

elkarrekin beteko dugulakoan.

 

Kariokak etxean geratu ziren.

Gure oroitzapenak, aldiz,

nire bihotzeko apalean.