Alde erantzira nabil
Alde erantzira nabil
2016, poesia
112 orrialde
978-84-92468-81-2
azala: Itziar Moreno Martinez
Ekhine Eizagirre
1984, Zarautz
 
 

 

PAISAIA MOREAK AMETS

 

 

Labanda usaineko paisaietan

oroitzen zaituztet, osasuntsu,

gure herrian sustraituta,

izara koloretsu baten gisara.

 

Zuen pausoek

nire bihotz taupadetan

egiten dute oihartzun:

doinu bortitz lasaia.

 

Larre more zabalotan

suma dezaket gure sua,

erein dugun haziaren garra.

Labandaren esentzian

borrokaren usaina.

 

Paisaia moreak amets,

saretzen ari gara oihala.

Muga-hesirik gabeko sentimenduan

izara beraren epelean

eskuz esku josten oraina.