Aurkibidea
ALEZ ALE
Bazoazte
alez ale,
bazoazte
nire barrenetik
ihesi, urrun.
Petaloz petalo
biluzten ari naiz
udan ere
hotz sentitzeraino.
Bizitzaren bidezidorretan
sarriegi dabilkit
Mateo txistuka.
Baina ez dut nahi
putzaldi gehiago,
nire inguruan
behar zaituztet-eta,
azaleko ileak legez
ni babesten.
Lili honen
zurtoinak adierazten du
esan nahi dizuedan guztia,
horrelaxe sentitzen bainaiz:
maitasun dosi txikiak
nigandik eten eta
apurka-apurka
aldenduko balira bezala.