Alde erantzira nabil
Alde erantzira nabil
2016, poesia
112 orrialde
978-84-92468-81-2
azala: Itziar Moreno Martinez
Ekhine Eizagirre
1984, Zarautz
 
 

 

GUK NAHI DUGUNA

 

 

Bestea besterik ez bezala

nahi gaituzue.

 

Zuen kate estuek

lurraren kontra ekarri dute

gure balantza,

zuen aldeak

zerua ukitu duen bitartean.

 

Gure kontura bizi zarete.

Gure kontura eraiki duzue

zeuen zerua, eta han goian

bizi omen den indar orojakile

gailenezin baten izenean

zapaltzen gaituzue.

 

Baina bagara

besteaz harago

gugan sinesten dugunak.

Bagara

diru gabe, aberats

arma gabe, indartsu

botere gabe, ahaldun.

 

Zuengatik gara bestea,

zuengatik feministak.

Zuengatik gara itzal,

zuengatik sorginak.

 

Itzaletik, irabazteko grinaz,

egingo dugu hegan

kateak su goritan urturik.

Hegan denok batera,

balantzaren alde gorenak

lurrean jar ditzan oinak.

Hegan denok batera,

bestea ez ezik

izan gaitezen

guk nahi duguna.