Alde erantzira nabil
Alde erantzira nabil
2016, poesia
112 orrialde
978-84-92468-81-2
azala: Itziar Moreno Martinez
Ekhine Eizagirre
1984, Zarautz
 
 

 

ILUNEGI

 

 

Irudi zait gaurkoan

mundua ilunegi,

katastrofitis larri baten pean edo...

irudi zait gainean dela apokalipsia.

 

Gure etxeak jada

bankuen bazka dira,

gure lurrak

kapitalaren jabetzak,

haien dirutzak

gure poltsiko hutsak.

 

Auzolanean jasotako harriak

pilatu zaizkigu

norbanakoen bizkar gainean.

 

Diru usaina airean,

etsipen zaporea platerean,

zor kutsua dabil kalean.

Astun. Oldarkor. Likin.

 

Subjektu izateari utziz

zapaltzaileen objektu gara.

Zientzia-politika, erlijio-etika

biblia berria gurea.

 

Besterik gara,

ardi

edo ez gara.

 

Zoriontasun egarri,

antsietatez larri,

kapitalisten koktelak ditugu edari.

 

GPSak oinen ordezko gidari,

iPhoneak informazio emari,

kamerak segurtasun sari,

komunikabideak titereontzako hari.

 

Irudi zait gaurkoan

dena ilun dela.

Ametsek eskuetatik

irrist egiten didatela.

Gure jabetzak ez ezik

ametsak ere

desjabetu nahi dizkigutela.