Aurkezpeneko testua
Jose Luis Otamendi
2022-09-05
Hemen nator berriz ere poesia liburu bat hartuta zuen aurrera. Gaur egun poetikoki non nagoen erakutsi nahi dut, zer ikusten dudan, eta nola sentitzen bizi naizen garai hau, komunitate bateko kide gisa horrek dakartzan ardurekin. Poeta banaiz, poesia gaitz autoimmunea bada, bizi dudana ahalik eta doien, eta ahalik eta ederren eskaintzea dagokit.
Beraz, ohitura dudanez, bilduma honen axaleko irakurketa baten zertzelada batzuk aletuko dizkizuet.
Badirudi bi garairen arteko ibian edo trantsizioan gaudela.
Landura lurruna da, gandua da, lausoa …
Hezetasun eta hozbero kontrastea tarteko, kanpoa eta barruaren artean osatzen den ur pelikula da landura, gehienetan kristal gainean ageri ohi dena argien. Eta Landura gaur hona dakardan poema liburuaren izenburua ere bada.
Hala gure arteko Landura, fenomeno fisiko edo atmosferikoa baino gehiago ikusten dut nik gauzei erreparatzeko era bat bezala, esan eta idazten denari nolabaiteko materialtasun izaera sotila eman nahi bat.
Guk bizi duguna, distantzia edo geruza modu baten atzetik begiratzera garamatzan aldia da. Mugitu egiten zaigu errealitatearen ikuspegia. Gauza asko nahasten dira hor: ziurgabetasuna eta ustez beti hobea den iragan baten zama, izurri eta gatazka ekumenikoen mehatxua, bortxa adierazpen matxistak eta bestelako asko, eta joera autoritarioen harrotzea nonahi.
Bilbe sozialaren ahultasunak eta beldurraren ugaltze orokorrak, bestalde, geure baitara biltzeko ihesbide bila jartzen gaitu, eta munduari gehienetan pantaila baten ostetik so egitera. Izan ere, pantaila baten segurtasun sareak babestuta, beti gauzei bekoz beko begiratu beharrik gabe, hobeto sentitzen gara eskuarki.
Liburuko motibo eta gai nabarmenen artean hauek behintzat badira: aldi baten amaieraren sentipena, norbere gogo-gorputzean itxita bizitzearen klaustrofobia molde bat, eta alderdi pertsonalak eta kolektiboak harmonizatzeko zailtasunak.
47 poemek osatzen dute bilduma. Horietako 5, neurrian ez dira hogei ilaratik gora. Beste 7k, 20-25 bertso lerro artean dituzte, eta gainerako 35ak luzeagoak dira.
Dena bateratsu gertatzen da, nahas-mahasean, eta aldarteak hala eskatuta ez dut ataletan banatu nahi izan liburua oraingoan. Hasi eta buka dena bat da hemen.
Itxialdia garaian idatzitako testu asko egon arren, ez da pandemiari eskainitako bilduma. Nago, bizitzea egokitu zaigun garai hau ulertzeko eta kontatzeko ahaleginetan dabilen pertsona baten zalantza, kezka eta itxaropen sorta idatzia dela, ustez poesiaren ehunez kalerako jantzita.
Xabier Gantzarainek ondu duen azalean sarez bildutako etxe aurrea ageri da, gibelalde guztia ortzi hori batek hartua duela. Landura edo lausoak inoren begiradetatik erdi gorde egin gaitzake, bai, eta sare edo estalkiak teila puskak, harri kozkorrak, edo beste zernahi erortzen bada inor jotzetik libratu ere bai, baina gehienetan ilusioa baino ez da itxurazko segurtasun hori. Harriak ez ezik, esperantza eta pertsonak ere jausten baitira etengabe gu bizi garen eraikinetatik, eta ez dago gainbehera horri eutsiko dion sare aski sendorik.
Bestetik, ordea, landuraren irudi, adiera arruntagoa leiar gaineko espazioarena da. Eskuak ezabatu, marraztu edo idazteko daukan beira lausotu tarte hori, berotzean urtu egingo dena, eta hotzarekin mamitu. Hor bada asmamenerako espazio bat.
Landurak gauzen ikusmira antzaldatzen du, eta kanpora bezala barrura bidera dezake ekintza eta begirasuna. Dei bat ere bada, galdera, tentazioa, itxaropena. Baita berbaro ustez eder-jantzien gainetik zerbait egiteko premia ere.
Gauzen kontzientzia hartu nahia adierazten du gainera, bai galtzen utzitako aldiena, bai egindako akatsena, eta bai oraindik asmatzeko dauden aukerena ere.
Nitasun zartatu intimo batetik hasi eta garai nahasioi nondik heldu gogoetatzera jarriko naiz. Zerbait ematen saiatu nahiko nuke, inorentzat on izango diren gauzak egin. Hala ere oraingoz ez dut lortu poema sorta hau osatzea besterik.
Nahas-mahas batean bizi naiz ni ere, noski ─garaion marketako bat da nahasmena─, eta poesiaren bitartez nahiko nuke azpimarratu, besteak beste, bakoitza hain bakun izaki denok elkarren antz handiko garela, eta hor ditugula beti eskueran elkartasunaren eta borroka askotarikoen komodinak.
Makinak, natura, objektuak garrantzitsuak dira. Saiatzen naiz gauzei, espazioei, landare eta animaliei erauzten eta kentzen dizkiedanak lerro artean paratzen. Gauzek berez duten itxurazko neutraltasuna ezeztatu, eta arras subjektibo eta hurreko bilakatzeko, humanizatzeko aski da gogo-kolpe bat edo birekin asmatzea.
Hala poemetan maiz geruzen edo estraktuen arteko metatze halakoa gertatzen da: espazioa, natura eta gogoeta ezpalek flyscha, hirugiharra, mila-orria edo liburu tontorra lirudikeen zera bat osatzen dute, batzuetan txukun antzean gainjarrita, eta bestetan anabasa betean emana.
Deskribapenak, iritziak, narrazioak, pentsamenduak … Eta poema luzatzen eta hazten doan heinean, ekintza edo arnasa poetikoaren batasunari eusten egoten da koska. Ohi bezala, lehia horretan bertso lerro libre deritzanaz baliatu naiz poemei zeini bere soinua bilatzen ahalegintzeko.
Badirudi bi garairen arteko ibian edo trantsizioan gaudela.
Espazio estrainioa bihurtu zaigu etxe barnea, kalea eta geure gorputza bezala. Denbora estrainioa, eta narrazio estrainio batean eman nahiko genituzke bizi ditugunak (estrainioa diodanean problematikoa, zaila ere badela esan nahi dut.)
Zenbaitetan beste bat izateko premia enpatiarekin lotzen dut, beste askotan, aldiz, ideia hori eskapismotik eta norbere baitan kabitu ezinetik gertuago dagoen susmoa daukat. Baina ez dakit.
Bikoiztasun edo dikotomia gaiztoek harrapatuak gauzkate. Desdoblatzea, besterenean ibili, eta inoren arrastoak norbere baitan kausitzea ere argudioen artean ardatzetako bat da, nik uste.
Hori guztia, ordea, ezinezko xede baten atzetik txirikordatzen ote den etortzen zait: sobera nabarmendu beharrik gabe, modu diskretuan maite, eta halatsu bizi euskarri kolektiboen bermearekin. Bide-orri politiko trauskil baterako hastapena izan zitekeen hau. Bizimodu apal antzeko burujabe baten edertasuna aldeztu kulturan bezala, jendartean eta herri gisa, nork beretik emanez.
Liburuaren hondar aldera soiltasunerantz buelta modukoa badela iruditzen zait. Inon egotekotan, kontzientzia hartzean, onginahi intimo eta kolektiboaren aldeko bulkadan dago argitasun inarrik hemen. Egikera sinple eta basikoagoetan esanda.
Landura estalkia da, eskuak molda eta desegin dezake edo beroak urtu, hotzak loditu bestela. Landurak gauzen ikusmira antzaldatzen du, espazio zeharrargia da, eta kanpora bezala barrura bidera dezake ekintza eta begirasuna, etxe zokora bezala mundura. Dei bat da, galdera, tentazioa, itxaropena.
Jabetze ahalegin bat ere bai, hala galtzen utzitako aldiena, nola egindako akatsena eta oraindik asmatzeko dauden aukerena. Eta orain gertuari zerbait ona opa izatea. Landura gainera, liburu honen izenburua da.
Iradoki dut gorago, diskurtso apain edo trakets jantziez haratago, txikia bada ere, zerbait egitera iritsi nahiko nuke noizbait. Egun non nagoen eta zer ikusten dudan lekukotasuna utzi. Esate soilaz gain zerbait egin. Eta ez dakit liburu hau baden ekintza bat.