ANPULUA
tornadoa sortu da malko baten barruan,
onik atera direnak kalean dabiltza:
abestiak toki izenak berun puskak,
euskaldun izatea zer den galdetu arren
pertsona izateari utzi ez diotenak
lurra aipatzeaz bat hor datoz gurasotasuna
eta bestelako senidetzeak,
bakarrik zaudenean hala ere
hori dena hartzitu eta behar denerako
uxuala bilaka litekeela uste izaten da
zaila da argudioz ukatzen
maindireen ukitu demokratikoa
—ez sekula ahaztu
inoiz maite izan gintuztenen izenak—
gugan dago itsasoa
gugan da ortzia bolatxo homeopatikoetan
gugan dira urtaro hobeagoen haizeak
eta zainetan daroagu oraino
azaleratu gabeko hezurren kode emozionala
eztul egiten dute izarrek gaixoaren etxean
—plazer hutsa izan da—
eta nik milesker diot matxinoen tristuran:
beste hainbeste milioi jenderen artean
lo-malko baten barrutik jaio bide ginen
festa txipi honetara
dena ondo amaituko dena gauza jakina da
baina, atzenak itzal ditzala argiak