AKATSEN ARTXIBOA
tipula-paper gainean lore hautsa bezala
irudi airakorrak jabetzen dira goizaz
lekukotzarik gabe gainjartzen zaizkio
bata besteari espazioaren geruzak
nondik mintzo naiz
nori saldu diot arima orain
ezer apur ez dakidan barruan
zerk jarri nau dena neurtzera
ondasunen diruaren
orduen ilun-argiaren galgan
garrantzia galdu du arrazoi ahuldua duten
pertsonen pairamenak,
haienganako mesfidantza handitu orduko
horma aroleko geletan sartzen ditugu
edo mundu mailako
hurrengo krisia eragin bestela
uste dut eguzkiaren bizkarrean
bulego berri bila dabilela denbora,
aspaldi geolokalizatuta
behar du nire indiferentziak
antze urriko lirikaren nasa kordokan
noizbait posible izango ahal dira
federik eza eta farmakoen
adikziorik gabeko urtaroak
eta euli saldoak
hodeiertzari iradokiz marra purpurak
azken beltzean
neu bezain desatsegina den jendea ez al da
gehien maite dudana