LOGIKA
irudikatzen ditut narraska sugeak nire gainean
iritsi ez naizen garai batera naramatela
gauza txiki inportanteen ondoan:
esku hauek ukitu zuten minutu distirant hura
hemen pausatu zen zoriona behiala
eta biok harrapatu gintuen lo,
beste frekuentzia batean emititu zelako
edo ozeano urrunetan akaso
utzian joana denaren kontzientziak
kixkaltzen du oroimena,
bodegoietan markoz kanpo eroritako
igaliak biltzen dabilenaren antzera
ez bizitzea zen normalena
ez jaiotzea ez hiltzea
ez narras ez oskol ez habia ez karraska
ez bizitzea zen
gerta zitekeen aukerarik mamiena,
ez izatea,
eta istripu honen arbolatik jaitsi ginenok
argi inar bat ostu nahian gabiltza egun
gauza gero eta txikiagoen artean
destinoaren aldiri dudazkoan
ohatze lerroak prest ditugula
jaio gabeko haurrentzat