Landura
Landura
2022, poesia
96 orrialde
978-84-17051-92-1
Azaleko irudia: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

KOLAPSOA

 

 

fatalismo liluratu batera bezala

makurtzen ari dira nire egunak

beharbada oraindik

hor nonbait egongo da

gorputz honen luze-zabalean

ezagutu ez dugun

gihar edo organoren bat

berandu gabe iratzarriko den esperoan

—tekla kolpea izartegi isilean—

 

batzuetan haizeak gerritik oratzen nau

batzuetan bizkorregi mintzo zait

edo hartzailez nahastu eta

beste bati ari zaiola uste izaten dut

—ez diot ulertzen ondo—

batzuetan burko pean berakatz atalak edo

gure aurrekoek utzitako hortzak

eta hitz hondarrak kausitzen ditut

 

hosto gorrienek adarretatik jareginda

kaleak hartu dituzte —diskurtso luzeegiak—

asko sufritzen dute

behekoen alde borrokan ari direnek

 

gero eta indar handiagoz bizi naiz

zuekin ageri naizen argazkietan

jada haietan soilik dirudi posible duin desagertzea

—amaiera zoriontsua larregi esatea da—

 

gaua, eta eguna bereizten dituena

koma bat da