GAUZETAN
maitagarri zaizkit sukaldeko
guraize begi-handiak,
zauritu zintzaketenean aldamenera egin
eta hankak estu-estu muturrez behera
jausi direlako zoru gainera
maite dut egongelako alfonbra,
xeraz laxatzen baititu zuntzak
zanpatzen duzunean,
hartu dituen oinez dakienaren taxuz
bizi gabeko bizitzak gomutatuz bezala
maitagarri zaizkit leihoan
barraskiloek zapuztutako oskolak,
belarri ondora ekarrita
ozeanoen dolu-arnasaz batera
zure bihotzaren zortziko hautsia
entzuten dudanean
maite dut hainbeste gauza:
ukitzen zaituen arropa
ile adatsaz ehuntzen duzun airea,
zulatu ezinik pentsamenduak
euri tanten osteak
eta ez dakit azaltzen zergatirik:
gauzek, gogoaz libre
beste aldi batzuetara
aisa garraiatzen nautelako apika
maite ditut gauzak,
odolaren pilpirarik gabe
material eta egituren arteko
harreman zailen gose
oraino aldika nahasten ditudalako
bulkada etilikoak etikaz
agian gu galdutakoan
gauzak geratuko direlako lekuko,
eta horren bekaitz eztia da
maitasun honen harien peskizan
astiro jaten nauena
maitagarri zaizkit gauzak:
zureak nireak edozeinenak,
zabaltzen dituztelako
gupidarako bezala adimendurako xendak,
esaten dakizkitelako nare
kontu gordeak