Landura
Landura
2022, poesia
96 orrialde
978-84-17051-92-1
Azaleko irudia: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

MAITASUN BATEN ZULOAK

 

 

ertzez jositako paisaietatik datoz

gure besarkadak eta ferekak,

hainbeste kantoi dituzte hainbeste hegi

populu baten taupadek…

gorputzak zimur eta plazer seinaleetan

gorde ohi ditu bizi izan dituenak

 

gau amaiezinek irentsi dituzte

pertsonak basoak herriak

eta noizbait gureak bezalako

sukaldeetan ere eraiki izan dira

harresiak izarren artean

botiletan sartuta itsasoa salgai

eta garunen zolan

mustu ohi ditugun inperioak

 

jaiotzakoez gain badira

biologiak azal ez ditzakeen ebakidurak,

deitu arrakala deitu erreka

edo historiaren haustura,

bada geure baitatik erauzita

besteengandik bakartzen gaituen lerro bat,

hala ernatzen dira jendea hiltzen den hobiak

toponimo jatorren altzoan

 

nork daki zein den gauzen berezko tokia

eta noiztik gauden gerran datozen belaunaldiekin,

ez dago ondo zeure sasoia gorrotatzea

eskatzen dizun aldi bat

zeure gorputza arbuiatzea dakarren edertasuna

zeure hizkuntza gutxiesteko asmatutako metaforak

 

sarri elkar maite dugulakoan

elkar ukitzen dugunean

isildu dugun guztiagatik

atzendu dugun guztiaren kausaz

urratu sendaezinak sakatzen ditugu

jendearen ariman,

beti ez baitakigu zuzen nola ari

 

hala ere ordea

akatsek lakartutako ahots errimez

abesten diogu amodioari oraindik

geure burua

bentzutuen desliluran berrezi ezinik