EGUNAREN HOZKAK
nahiz jakin ekonomia zirkularrari
ez diodala egin nahi besteko ekarpenik
eta mafia zaharberrituei
laguntzen ariko naizela akaso
kaleko saltzaileari ezezko zuriaz hara
ez badiot eskaintzeko ezer
ez badiot egundo galtzerdi lanbasa
edo aterkirik hartuko
nire oinek nire eskuek eta nire euriek
bide galduetan aurrera egingo dute
gizateriari azkartuz segundoko hutsen neurria
lurzoruari eusten dion sustrai-sarean
bildutakoez galdetzeko gauza ez banaiz
beti banator bat zentzu komunarekin
beti ahanzten bazait norbait
egunsentian lantegi sekretuetara joaki
zer naizen ez dakit
behialako ordu loratuetan
maite izan nituenei agindutakoak
bete gabekoak estali nahi baditut
ez dakit zer berraragiztatze
atergaberen ukenduz,
errepideari busti-lehorreko gauei
diedan beldurra gorde eta inoren
larruazalean irarri nituen haiek
hatz mamiekin irakurtzeko
adore falta zuritu behar badut,
zerk ekarri zituen gure aita-amak
suak piztera ezerezaren hobian
zerk narama ni
liberalismoaren neguan argi-mutil eginik
aberri konpartitu unibertsala
posible dela eginda
baikortasun mami batez
munduko 26 pertsona aberatsenak
belauniko agurtu beharko nituzke oraintxe
bart aske utzi baitzuten
Mikel Albisu Madrilen,
nire mentsak zein aspaldiko diren
pentsatu eta poztu egin nintzen
sobera harrotu gabe
pozteko arrazoien kalostraren printza bat
esku ahurrean sentitzen nuela,
egin nintzen poztu naturaren eta
historiaren uneko eskortzo
olinpikoa eskertuz
batzuetan desagertuek jai txiki
batera konbidatu nautela iruditzen zait
eta ahaztu egiten dut
ziklo baten amaiera zer den,
ez nuke haatik laketu nahi
oraino bizi izan ez dudan
bizimodu honetan:
imajinatu barbaroak
inperio erroiztu batean sartzear
ziklo baten azkena zer den
ez nuke ahaztu behar