Landura
Landura
2022, poesia
96 orrialde
978-84-17051-92-1
Azaleko irudia: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

HORDI LOA

 

 

mihia sartu dut eriko zaurian

bertatik ateratzeko

hara eroritako bareak hostoak

animalia txikien arnasestuak

 

euli hegaldien semiotika zer da:

hori deszifratzeko grina dut

poesiaren amu muturrari

fatalismoz lotutako beita

 

ortzia jan didanean sasiak

oroitu naiz minutuek behar dutela lehor

botila bete izarrekin hasi naiz isurtzen gaua

inoren denbora birrinen gainean

 

eta jendeak gordean daraman

minaren izurren muinera iristear nintzela

beldurtu egin naiz berriro etxera bidean jarriz:

gizonezko azal zuria naiz

 

noizbait munduko monarkiak

eta oinordetza ondasunak oro

armen entrega ekumenikoz amaitu direla

ikasi nahiko luke askok

 

emaztea eta bion arteko klase borrokak

eskatu digu dialektikoki maitatzea elkar,

orri hauetara biltzen ari naiz

epaileen aurrean ukatuko ditudanak

 

ezin dut ahaztu musu baten uberak

eragin zidan ezpainak

harri gurizko bihurtzeko

desio eterno hura

 

non sartu sasoi honen seme kutun gisa

salatzen nauten eskuak pentsamenduak,

hala ere herri bat osatzeko oraino ez da aski

gela bat wifiaz

 

egungo orduei hautsak kentzen

entseatzen da bizimodu gibelatu bat

eta gauza ederretara

joaten zait burua

 

lurrarekin daukat nik

adiskidetasun mamia,

behargin portugesek harrian landua

behar luke etorkizunak