BIGARREN LOA
hitzek durundi egiten didate
ahosabaian
lo zirenen begiak guztiak batera
zabaldu balira bezala,
gau lehenean
isiltasunak iratzarri egin du jendea
gaixo-ordurako gorde nahi ditut
garai bateko irriak eta
orain ukitu ezin ditudan
azalera kuttunak:
inork espero gabe
hormatzen dira eskuak
altzarien ondoan
iragan honen diseinuak
nonbaiten behar zuen egina:
bilbea gama konposizioa
gizon-emakume zintzoen lana da,
maite ez dituztenen alde
beharrean ari direnak
norbait dabilkit ahosabaian
esku-argia hartuta:
arren ez esan gaur ere
beste nonbait jokatzen zenik dena
garai zailetan
animalien lorratzen aieruz
elkarrengandik urrun
hartuko gaitu bigarren loak
laster haziko da sasia
hitzen artean eta
ubideak egingo dituzte autopistak
gu bizi izandako egunen gainean
esan dute badirela hamar urte
hemen borroka armatuaren
adiera lokal bat akitu zela