HAREA
hodeien arteko haizea
usaintzeko ahaleginetan
hark zer dakarren barrundatzeko
begiak ņarrotzen ditugunean,
sikatutako azal puskak
leun laztantzen dizkiogunean elkarri
—autobide gainean ilun geruzak lodi—
behiala izan bide ginen jende
atergabe eta salbai hura
datorkigu akordura,
lurra harrotu eta
oihana eta mortuak
etxez nahiz kalez jantzita
biluztasun harrituan
euri erauntsiak edo kemen ezak
txikizka izutzen gaituenean,
eta eskuko mamiei
beti harea galtzen ari diren
erlojuei legez so eginda,
auzoen ahotik eta albistegietan
hoska ditugun larritasun deiei
ez entzunarekin ihardesten diegunean
behiala izan bide ginen
jende atergabe eta salbai hura
izateari utzita zer galdu zen
datorkigu akordura
—akazia adarrak zemaiz hurbiltzen dira—
eta ahazmen eta garo luizien azpitik
arnasa hartzen jarraitzen dugu
kate luze-luze bateko maila izatea
zer den gogoetatuz
harrien azpian bizia dago:
xomorroak oskolak sugandilak,
eta biziaren azpian
beste hondartza batzuk