KEXURAKO ZIOAK
galtzerdi saretzen hasiei so nagokie
enara joan berrien nostalgiaz,
haien negua zulo bat da ni baitan,
haragi usaineko hosto zaintsuak
hor doaz ilunean behera
hainbat haurtzaro iraungi galdu zait
beso zabalduen perimetroan:
animalia otzanak kausitzen ditut
eldarnio etilikoetan,
badakizue, denborarekin
manera burgesak itsasten dira
ondo-bizien ariman
ñabardura hotzekin jotzen dute
arratsez autoen gurpilek
doinu ilaun bat euri gainean,
aterkiaren oihalak
izterrondoa busti dit, aldaka;
gauaren begi itsuetan egokitu naiz
etxeko giltzak eskuan
zohardiaren oroimena dut aliatu gehien
beldurrak ferekatzen nauenean:
zergatik niri zorion ukaldi hau orain
zeren pagutan, hori izango da beharbada
denek nire alde egin zuten postura
nigandik espero zena
erraza da zeuri
hitzen farfailaz hara
zerutik bezala etorri zaizuna
sobera lohitu beharrik gabe
beste inori oparitzea
uste dut
mende biren arteko ibi estuan
immunitatez gaixo egon naizela