[Badun odola, arnasa]
Badun odola, arnasa.
Haragiz haiz egina
adatsez eta begiradaz
hi ere. Lurrak eta landareak,
martxoko zeruak, argiak,
dar-dar zagiten eta hire antza diten…
hire irria eta hire ibilia
ur ikaratuen antzera…
betarteko hire zimurra
hodei bilduen antzera…
hire gorputz samurra
lur zokorra eguteran.
Badun odola, arnasa.
Lur honetan bizi haiz.
Ezagun ditun zaporeak
urtaroak esnaldiak,
jolas egin dun eguzkitan,
gurekin mintzatu haiz.
Ur zilarra, udaberriko
kimua, lurra,
isilune emankorra,
neskatila hintzela jolastu izan haiz
zeru ezberdin baten azpian,
isiltasuna zagon hire begietan,
hodei bat sakonetik
isurtzen duen iturburuaren gisan.
Orain ari haiz irrika eta dardaraka
isiltasun honen gainean.